Euskal Kostaldeko Museoen Sareak 50 ekintzatik gora antolatu ditu martxorako Euskal Museoaren Hilabetea egitasmoaren barruan. Jardueretako batzuk Urola Kostan egingo dira.

Euskal Kostaldeko Museoen Sareko ordezkariek herenegun Getarian, Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea aurkeztu zutenean.
Zortzigarrenez egingo dute egitasmo hori, iaz pandemiagatik bertan behera utzi ondoren. Sarea 40 kidek osatzen dute, eta horietako erdiek baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo edizioan; 27k, hain zuzen. Denen artean egitarau oparoa antolatu dute martxo osoan garatzeko.
Antolatzaileek jakinarazi zutenez, 50 ekintza baino gehiago prestatu dituzte “publiko anitz eta zabalari zuzenduak”. Besteak beste, bisita gidatu bereziak, familientzako tailerrak, haurrentzako jolasak, doako sarrerak, itsasontziko ibilaldiak, kostaldeko ibilbideak eta zuzeneko ikuskizunak aipatu dituzte.
Gainera, proposamen horietako batzuk egun ezberdinetan errepikatuko dira, eta hortaz, guztira 200 plan izango dira aukeran martxoaren 1a eta 31 artean.
Museoek egin duten lana azpimarratu zuten aurkezpenean: “Aurreko urteko apustuari jarraituz, museo parte hartzaileek esfortzu handia egin dute aurtengo ekintzak ere berezi eta esklusiboak izan daitezen, besteak beste, esperientzia horiek urtean zehar ezin izan direlako gozatu”. Jarduera gehienak doakoak izango direla jakinarazi dute eta, hala ez direnek, prezio bereziak izango dituztela. “Jarduera guztietan, noski, agintariek zehaztutako osasun arauak beteko dira”, argitu zuten.
Aurkezpena Getarian zergatik izan den ere azpimarratu nahi izan zuten: “Aurten Cristobal Balentziaga Museoa aukeratu dugu aurkezpenerako, Getarian, beste getariar unibertsal baten lorpenaren 500. urteurrena dela eta: Juan Sebastian Elkanoren agindupean burutu zen lehen mundu bira”.
Urola Kostan jarduera asko
Jarduerak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko eta inguruetako hainbat herritan egingo dira; Bizkaian hamabi herritan banatuko dira ekintzak, eta Gipuzkoan, berriz, bederatzitan. Azpimarratzekoa da eskualdeka Urola Kostak izango duen pisua, jarduerak Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egingo dituztelako. Astigarragak, Donostiak, Irunek, Pasaiak eta Mutrikuk osatuko dute Gipuzkoako egitaraua.
Martxoaren 5ean izango da aurreneko ekintza Urola Kostan; Getarian, Balentziaga Museoan. Balentziaga, kapelaren dotorezia izeneko bisita gidatu berezia eskainiko dute 11:30etik 13:30era, eta bertan parte hartzeko erreserba egin beharko da. Martxoaren 10ean ere, ostegunez, bisita bera egingo dute, ordutegi berean.
Martxoaren 19an Zestoan izango da hitzordua, Ekainberrin. Ekaingo kobazuloetako margoak Paleolitoko argiarekin ikusteko aukera izango dute herritarrek 12:00etan, eta erreserba aurrez egin beharko da. Martxoaren 20an ere aukera bera eskainiko dute.
Zarautzen ere martxoaren 19an egingo dute jarduera, Arte eta Historia Museoan. Ate irekien jardunaldia egingo dute, 16:00etatik 18:00etara.
Bisita gidatu berezia egingo dute Orioko Done Jakue Bidearen Interpretazio Zentroan ere. Martxoaren 26an izango da hitzordua, Errioa, gure nortasuna izenburupean. 11:00etan izango da, eta izena aurrez eman beharko da.
Informazio zehatzagoa nahi duenak eskuragarri du Internetez, www.losmuseosdelacostavasca.eus webgunean begiratuta