Guztira 212 adinekok parte hartu dute ikerketan. Hainbat ertzetatik heldu dio gaiari Maddalen Iraolak; osasuna, ekonomia zein bakardadeaz galdetu die partaideei.

Getariako Udalak kontratatuta, herriko adinekoen ikerketa bat egiten aritu da azken hilabeteotan Maddalen Iraola. Getarian bizi diren 70 urtetik gorako adinekoen bizikidetza ezaugarriak aztertzea eta prestazio ekonomikoen eta adinekoei dagokien zerbitzuen berri emateaz gain, pairatu dezaketen bakardade subjektibo eta objektiboa aztertzeko, 212 lagun –70 urtetik gorako 420 pertsona bizi dira Getarian– elkarrizketatu ditu Iraolak. Horiengandik jasotakoak jendaurrean aurkeztu zituen atzo, asteartea, Jubilatuen eta Ezinduen Elkartean. Herritar ugari gerturatu zen emaitza horien berri izatera.
Iraolak hainbat ertzetatik heldu dio gaiari. Batetik, hileroko gastuak ordaintzeko gaitasunaz galdetu die: % 74a erraz heltzen da, % 24a zailtasun batzuekin eta % 2a larri. Adinekoen gehiengoak bere kabuz ordaintzen ditu gastuak –% 83,5ak–, baina inguruko bateren baten laguntza jasotzen duten kasuetan, % 11,8ak, seme-alabengandik jasotzen dute laguntza ekonomikoa. Adinekoek beraiek ere laguntzen dituzte seme-alabak, diruarekin ez bada, elikagaiak eman edota etxearen gastuak ordaintzen –adinekoen % 10,7ak, hain zuzen ere–. Generoari dagokionez, desberdintasun bat nabarmendu zuen Iraolak, datu horiei erreparatuta: jubilazioko pentsioa jasotzen dute nagusiki gizonezkoek, eta alarguntasunarena, emakumezkoek. Orokorrean ekonomikoki “ondo” daudela dio, baina estualdiren bat pasatzekotan, aisialdian egiten dituztela lehen murrizketak.
Etxebizitzaren ezaugarriei dagokionean, norberaren jabetzako eta zonalde urbanoan kokatutako pisuan bizi da gehiengoa. Horietara iristeko oztopo arkitektonikoen inguruan ere galdetu du Iraolak: % 63,2ak ez du etxera iristeko oztoporik; bai gainerakoek. Etxebizitzaren kanpoaldeko eskilarak dira gehienetan.
Gehiengoa, osasuntsu
Ikerketan parte hartu duten adinekoen ia hiru laurdenek oro har osasuntsu daudela uste dute; halamoduz ia laurdenak. Harreman sozialak eta bakardadea aztertzeko, familiarekin dituzten harremanak ikertu ditu Iraolak: ia guztiek harreman ona dute familiarekin. Maiztasunari dagokionez,% 67,9ak eguneroko hartu-emana du. Inguru sozialean ere antzerakoak dira datuak: % 80ak baino gehiagok harremanak ditu, egunerokoa edo asterokoa.
Hala eta guztiz, Iraolaren arabera, errazagoa izan da osasun fisikoaren inguruko datuak biltzea osasun psikologikoaren ingurukoak baino. Horren atzean identifikatzeko zailtasunak edota gaiaren inguruko estigma egon daitezkeela uste du. Adinekoen egoitza bat izatearen aukera garrantzizkotzat jotzen duten arren, beraiek joateko intentzio askorik ez dute, Iraolak dioenez.
Aipagarriagoak dira, dena den, bakardadearen inguruan jasotakoak. Partaideen % 27,8ak erantzun du “batzutan” sentitzen duela. Horietatik % 30,8ak etxean dagoenean sentitzen da bakarrik; % 19,8a, gauez; eta % 9,9a, oro har, bakarrik dagoenean.
Maitatuak sentitzen ote diren galdetuta, baiezkoa eman du % 95,8ak. Datu horiek eskutan, Iraolak ondorioztatu du harremanak badituztela, gehienetan, familiartekoekin. Bakarrik beti sentitzen direnak gutxi dira; batzuetan sentitzen direnak gehiago, eta maitatuak sentitzen direla erantzun harren, “gorputz espresioak kontrakoa” zioela nabarmendu nahi izan zuen ikertzaileak aurkezpenean.
Elkartea, zabalik
Ane Loidi Ongizate zinegotziak hartu zuen hitza aurkezpenean. Iraolari eskerrak emateaz gain, ikerketaren ondorioz identifikatutako arazoak izan zituen hizpide. Datorren urtera begira, udaletik arazo ekonomikoak dituztenei lagunduko dietela aipatu zuen, batetik. Gimnasian aritzen den taldeak aurrera jarraituko duela ere esan zuen Loidik, eta emakumeen ahalduntzerako taldea berriz ere abiatuko dela urte amaieran. Bestetik, ibilaldiak egiteko saioak antolatu asmo dituzte udaletik. Datorren hilabetean martxan jartzea gustatuko litzaieke: “Astean bitan begirale batekin kalean ibili edo toki itxi batean ibiltzea da asmoa. Batzuek laguntza handiagoa beharko dute besteek baino, eta bakoitzaren beharretara moldatuko da begiralea”. Ariketa fisikoa egiteaz aparte, etxetik ateratzeko dinamika bat sortzea du helburu egitasmoak.
Jubilatuen eta Ezinduen Elkartea bera edonork erabil dezakeela eta adinekoentzat topagune bat dela ere nabarmendu nahi izan zuten aurkezpenaren amaieran: “Ateak zabalik ditu nahi duenarentzako”.
Ikerketaren emaitzak Jubilatuen eta Ezinduen Elkartean bertan edota Getariako Udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dira datozen egunetan.