Osasun egoerak behartuta, iaz ezin izan ziren Inauteriak ohikoa den bezala ospatu. Aurten bai, mozorro festak izan dira eskualdeko herrietan.
Arratsaldetik aurrera askotariko mozorroak ikusi ahal izan dira Azkoitian, eta haur zein helduek Joselu anaiak taldearekin dantza egiteko parada izan dute plazan.
Gaur arratsaldean haur eta gaztetxoen inauterietako desfilea egin dute Zestoan, udaletxeko arkupeetan. Ikusmin handia sortu du ekitaldiak, eta parte hartzea ere oparoa izan da.
Ukrainako gerra dela-eta Zestoako Udalak adierazpena kaleratu du, eta herrian bizi diren ukraniar jatorriko herritar guztiei elkartasunik beroena adierazi die. Horrez gainera, herri erakundearen ustez, "ez dago inongo arrazoirik, ez geopolitikorik ez bestelakorik, gerra bezalako gauza anker bat justifika dezakeenik".
Gogotsu eman diete hasiera zarauztarrek inauteriei. Jalgi dantza taldekoek antolatutako Galtxagorrien Jaitsierak zabaldu zuen atzo, ostirala, inauterietako egitaraua.
Musika eta dantza eskolak Brasilgo espiritua ekarri zuen atzo Zumaiako kaleetara. Inauterien jabe den Momo Erregeari harrera egin zioten Ubillosen Txori Txikiko haurrek; kalez kale aritu ziren gero. Kofradian eta Beheko plazan emanaldi bana eskaini zuten, gainera.
Astindu dantza taldeak alaitasunez eta kolorez jantzi ditu eguerdian Zumaiako kaleak.