Goizaldean iritsi da 22. Korrika eskualdera, Debatik barrena. Zestoarrek hartu dute lekukoa, eta kilometro dezente egin ondoren, zumaiarrek jarraitu dute euskararen aldeko aldarria lasterketa eramaten. Herrigunean ibili ondoren, kostako errepidetik Getariara eta Zarautzera iritsi da jende uholdea, eta azkenik, Oriora, 05:00ak aldera. Usurbil aldera jarraitu du lekukoak. Ikusi hemen herriz herrikako argazki bildumak.

Iritsi da herritar askok eta askok irrikaz espero zuten unea: 22. Korrika eskualdera goizaldean sartu da, 01:30ean, eta korrika saioa egiteko ordu egokienak izan ez arren, herritarrek bikain erantzun dute; adin guztietako bizilagunak elkartu dira han eta hemen. Zestoatik Zumaiara egin dute lasterka euskararen aldeko aldarria eramanez, eta handik Getariara, ondoren Zarautzera, eta azkenik, Oriora iritsi da Korrika. 05:30 pasata utzi du atzean eskualdea, Usurbilera jarraitzeko.
Eguraldia lagun, jende asko atera da kalera eta errepide bazterretara 22. Korrikarekin bat egiteko. Korrikako kostako arduradunak nekatuta baina pozarren ziren 07:00etan, etxeratzerakoan, egitasmoak izan duen arrakastarekin. “Herri guztietan jende asko eta asko atera da Korrikaren alde ordu hauek onak izan ez arren, eta une oso bereziak ere bizi izan dira, emozio handikoak. Ezin da gehiago eskatu”, esan dute.
Gaur berriz sartuko da Korrika eskualdean. Bidaniatik sartuko da Errezilera, 12:23an. Gero, Azpeitia eta Azkoitia zapaldu ostean, Urretxurako bidea hartuko du Korrikak.