Aurreikusitako orduarekiko hamar bat minutuko atzerapenarekin iritsi da 22. Korrika Azpeitira. Errezilgo partetik hasita zituzten kilometroak hartuta Azpeitiko eragile, talde, enpresa eta gainerakoek, eta Gazteko biribilgunetik Landeta hiribidera iritsi denerako jendetzak osatzen zuen lekukoaren eta pankarta nagusiaren atzeko segizioa.
Erdigunera hurbildu ahala, are indartsuagoa bihurtzen joan da marea, gero eta jendetsuagoa segizioa. Eta horrela joan da Azkoitia aldera Korrika, lekukoa eskutik eskura eta irribarreak, emozioak, kantuak eta aldarriak ozen, bi urte barru itzultzeko.
Azkoitira ere aurreikusi baino zertxobait beranduago iritsi da 22. Korrika, baina ohiko harrera beroarekin hartu dute azkoitiarrek. Munategi parean hartu dute Korrikaren lekukoa azkoitiarrek, eta Urretxurako bidea hartu aurretik, milaka lagun batu dira AEK-k euskararen alde prestatzen duen lasterketa erraldoira.
“Hike, hike, hike, Azkoittin antxintxike!” eta “hemen gaude euskararen alde!” oihuak lau haizetara zabalduz, emozioz beteta eta pozez gainezka zeharkatu dituzte azkoitiarrek txokoak, eta herriko hamaika talde, eragile, erakunde zein kuadrilla arduratu dira lekukoa eramateaz. Giro paregabea nagusitu da ibilbidean zehar.
Azkoitia uztearekin batera, utzi du 22. Korrikak Urola Kosta eskualdea. Gaur, goizaldeko ordu txikietan igaro ditu euskararen aldarriak Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio.
Hona hemen gaur eguerdiko 22. Korrikaren argazki bildumak: