Zarauzko Turismo Bulegoak ondu du Familien Eguna, herriko hainbat eragilerekin lanketa eginda, eta eguna ere jarri dute aurreneko edizio hori ospatzeko: maiatzaren 1a, igandea.
Udalak ohar bidez azaldu duenez, Turismo Bulegoak “urteak” daramatza familia turismoaren inguruko lanketa egiten, “turismo mota horrek behar dituen ezaugarriak eta berezitasunak herrian ezartzeko”. Lanketa hori “herriko hainbat ostatu, zerbitzu turistiko eta elkarterekin elkarlanean” egiten du Turismo Bulegoak, udalaren esanetan. “Zarautzek bertako familiek edo kanpotik datozen familiek euren aisialdiaz gozatzeko edo opor egun eder batzuk igarotzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak betetzen ditu”, adierazi du Leire Arana jarduneko Turismo zinegotziak.
“Herrian eskaintzen diren zerbitzuez gain, Turismo Bulegoan familientzako egokiak diren plan eta jarduerei buruzko informazio zabala jasotzeko aukera dago”, gogorarazi du. Gainera, iaztik Familia Turismoaren zigilua du –Familia Ugarien Espainiako Federazioarena–.
Egitaraua
Turismo Bulegoak formatu digitalean zabalduko du asteburu horretan familientzat zuzenduta Zarautzen izango diren ekintza guztiekin osatutako egitaraua. Besteak beste, hauek jaso ditu:
- Apirilak 30, larunbata: 17:00etan, Musika Plazan, aurpegi margoketa tailerra, Murkil Zarauzko Dendarien Elkartearen eskutik.
- Maiatzak 1, igandea: egun osoan zehar, puzgarriak eta haur jolasak Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkartearen eskutik honako tokietan: Malekoian, Lege Zaharren Enparantza, Sagasti Plaza (Azken Portu), Santuiturri Plaza (Aritzbatalde), Musika Plaza. Ordutegia honakoa izango da: 11:30-14:00 eta 17:00-19:30 (Musika plazan arratsaldez bakarrik).
Egitarauarekin batera, Turismo Bulegoak herrian familientzat egokiak diren bisita, ibilaldi eta jokoen zerrenda osatu du. Hemen deskargatu daiteke dokumentua.