Telegram eta Instagram kanala, udal aldizkaria, buletin elektronikoa, hileroko kultur agenda eta udalaren aplikazioa dira Zestoako Udalak martxan jarritako komunikazio bide berriak. Hain zuzen, gailu elektronikoek eskaintzen dituzten aukerak nahiz euskarri fisikoak jarri nahi dituzte herritarren eskura, haiekin hartu-emana errazteko helburuarekin. 'Zestoa, geuk egina' lelodun marka irudi berria ere sortu dute.

Zestoako Udalak komunikazio beharrei erantzuteko komunikazio plan berria diseinatu du, eta gaur aurkeztu dituzte plangintza horren barruan martxan jarriko dituzten komunikazio kanalak. Hain zuzen, herritarrengana gehiago hurbiltzea du xede Zestoako Udalak, eta helburu horrekin diseinatu dute komunikazio bide-orria. Horrenbestez, tresta berriak jarri dituzte martxan herritarrekin hartu-emana hobetzeko, haiei informazioa jarraikortasunez eskaintzeko eta zenbait tramite errazteko. Horretarako Telegram eta Instagram kanala –@zestoakoudala–, udal aldizkaria, buletin elektronikoa, hileroko kultur agenda eta udalaren aplikazioa sortu ditu erakundeak, Iametza Interaktiboa komunikazio enpresaren bitartez.
Mikel Arregi Zestoako alkateak azaldu duenez, “legegintzaldi hasieratik identifikatutako beharra” da komunikazio kanal berriena, eta diseinatutako plangintzaren nondik norakoak xehetu ditu. Alkatearen hitzetan, “gizartea aldatzen doa”, eta horrekin batera komunikatzeko joerak. “Oraindik gogoan ditut zestoarrez beteriko udalbatzarrak, herriko gaien inguruko eztabaida biziak. Gaur egungo osoko bilkurek ez dute nire gazte garaiko oroitzapenetako haiekin zerikusirik; herritarrak ez dira gerturatzen udaletxeko bilkuretara. Gizartea aldatzen ari da. Baina badakigu horrek ez duela esan nahi herritarrek euren herriko kontuez iritzirik ez dutenik edo herriko informazioa jaso nahi ez dutenik; informazio hori jasotzeko eta udalarekin komunikatzeko hobesten diren bideak beste batzuk direla baino ez”, azaldu du. Horregatik, “zubi berriak eraikitzeko beharra” jarri du mahai gainean: “Legegintzaldi honen hasieratik garbi izan dugu udala herritarrengana hurbiltzeko komunikazio lanketa berezia egin behar genuela. Hala, udala eta herritarren arteko komunikazio zubi berriak eraikitzeko proposamena egin genion geure buruari”.
Euskarri elektronikoak eta fisikoak
Arregik azpimarratu du komunikazio planaren “lehentasuna” udalaren eta herritarren arteko “bi norabideko komunikazio kanal berriak diseinatzea” izan dela, eta horretarako askotariko bideak diseinatu dituzte, herritarren profil desberdinak kontuan hartuta. “Euskarri berriekin Zestoan ikusi diren behar ezberdinei erantzungo die udalak. Kanal horien bidez gai desberdinei buruzko informazioa zabalduko dugu. Aipagarria da, ordea, Zestoaren sormena eta kultur ekoizpena balioan jartzeko hilabeteko kultur agenda ere ikusgai egongo dela herriko puntu eta auzoetan, baita udalaren webgunean, Telegram kanalean, newsletter-ean eta sare sozialetan”, adierazi du alkateak.
Herriko gazteengana heltzeko, sare sozialak baliatu nahi ditu Zestoako Udalak, eta orain arte erabiltzen zituen Facebook eta Twitter sare sozialez gain, Telegram eta Instagramen ere aktibo egongo da, horretarako irekitako kanak berrietan.
Arrakala digitalaz jabetuta, Zestoako Udalak bestelako euskarriak ere jarriko ditu herritarren eskura. Hain zuzen, betiko euskarri fisikoez gain, udal aldizkaria argitaratuko dute aurrerantzean, eta aurreneko zenbakia maiatzean plazaratzea aurreikusten dutela aurreratu du Arregik. Hark jakinarazi duenez, zortzi orrialde izango ditu udal aldizkariak, eta herritar guztien etxeetara iritsiko da, eta udalak esku artean dituen proiektuen informazioa bilduko dute bertan.
Bestalde, aplikazio edo app berri bat sortu du, laster martxan jarriko dutena. “Honen bidez, herritarrek udalerrian aurkitzen dituzten kalteen berri eman ahal izango dute eta albisteak eta agenda kontsultatzeko aukera ere izango dute”, azaldu du Zestoako alkateak. Herritarrek zestoa.eus atarian aurkitu dezakete kanal berriei buruzko informazio osatua. Hain zuze, bertan eskainiko dute aplikazioa deskargatzeko edo newsletterrera harpidetzeko argibideak.
Zestoa, geuk egina
Komunikazio plangintza borobiltzeko eta “kanal guztiei batasuna emateko asmoz”, marka irudi koorporatibo berria izango du Zestoako Udalak aurrerantzean. Hain zuzen, Zestoa, geuk egina leloa aukeratu dute irudi berrirako, eta Iametza arduratu da diseinu lanaz. Leloaren atzean dagoen esanahiari egin dio azpimarra Arregik gaurko agerraldian: “Esaldi horren atzean ideia nagusi bat dago. Zestoa zestoarrok egiten dugula sinisten dugu, hau da, Zestoa Geuk Egina dela”, esan du alkateak. Eta honakoa gaineratu du: “Zestoa egiten jarraitzeko beharrezkoa da lehen eskuko informazioa izatea batetik eta norberaren iritzia eta ekarpenak egiteko bitartekoak izatea bestetik. Horixe lortzea du helburu udalak komunikazio lanketa honekin. Horregatik zestoar guztiak bide berri hauek erabiltzera animatu nahi ditugu”. Dena den, aurrez aurreko komunikazioaren garrantzia azpimarratu nahi izan du alkateak: “Jakin dezatela zestoarrek bide berri hauetaz gain udalaren ateak, euren ateak, edozertarako irekiak jarraitzen dutela”.
Lau ardatz nagusi
Aurkezpenean azaldu dutenez, komunikazio planaren lanketak 2030era begira garatutako plan estrategikoa izan du “oinarri eta abiapuntu”. Horrenbestez, hurrengo urteetan Zestoako Udalak jomugan izango dituen gaiak zerrendatu dituzte. Zehazki, lau dira udalaren ardatz nagusiak: jasangarritasuna, gizarte ongizatea, kultura eta ondarea eta auzoak. Lau ardatz horiez gain, badira udalak “oso modu berezian” landu nahi dituen gaiak, euren izaera estrategikoa dela-eta: zaintza eta energia. Gai eta lan lerro horien bueltan egindakoak eta egin asmo dituztenak herritarrengana iristeko baliatu nahi dituzte irekitako komunikazio kanal berriak.