Komunitate energetikoa sortzeko bilera irekia antolatu dute Getariako Udalak eta Goienerrek herritarrekin
Maiatzaren 19an izango da hitzaldia, Ulpiano aretoan, 19:00etan hasita. Bestalde, martxan da Iturzaeta Eskolan eguzki plakak jartzeko esleipena; aurrekontua 83.500 eurokoa da, eta lanak uztailean eta abuztuan egingo dituzte.

“Herritarrek eta enpresek beste eredu energetiko baterako urratsak emateko” Komunitate Energetikoa sustatuko du Getariako Udalak, eta horren berri emateko hitzaldia antolatu du Goinerrekin elkarlanean. Saioa herritarrei eta herriko “enpresa txiki eta ertainei” zuzenduta dago, eta maiatzaren 19an, ostegunarekin, izango da Ulpiano aretoan, 19:00etan hasita.
Komunitate energetikoa tokian tokiko energia kudeatzeko modu berritzailea dela azaldu du udalak ohar bidez. “Auzokide, administrazio publiko eta enpresa txiki eta ertainen arteko lankidetzatik sortzen dira, eta horien guztien elkarlanetik tokian tokiko energia berriztagarri eta garbiak erabiltzea da helburua. Komunitate energetikoek onura asko dituzte; besteak beste, pobreza energetikoa saihestea, energia kostuak jaistea, ziurtasun energetikoa bermatzea…”.
Getarian herritarrekin batera eta beraien parte hartzearekin sortu nahi du udalak komunitate hori, “herritarrak beren energiaren erabakitzaile eta arduradun egiteko; hau da, energia demokratizatzeko”.
Hitzaldira bertaratzerik ez dutenek informazioa jaso ahalko dute mezua bidalita Goienerrera; graxi.arregi@goiener.com helbide elektronikora idatzi behar da, kontzeptuan GETARIA EBK jarrita.
Udan eguzki plakak eskolako teilatuan
Bestalde, udalak jakinarazi du martxan dela Iturzaeta Eskola publikoan eguzki plakak jartzeko esleipena; aurrekontua 83.500 eurokoa da, eta lanak uztailean eta abuztuan egingo dituzte.
Kontratuaren xedea da eskolan 60 kW-ko plaka fotovoltaikoak instalatzea, Koldo Garcia Madariagak (Nafarkoop Energia de iniciativa social e. koop) Getariako Udalarentzat idatzitako obra proiektuaren arabera.