Aizarnazabalen eta Beizaman energia berriztagarrien bidezko komunitate energetikoak garatuko dituzte
Europako Next Generation funtsari esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak 5.000 biztanletik beherako lurraldeko 21 udalerritan garatuko ditu energia komunitateak. Guztira, eguzkia energiako 47 instalazio jarriko dituzte.

5.000 biztanletik behera dituzten Gipuzkoako 21 udalerritan energia berriztagarrien bidezko komunitate energetikoak garatuko dituzte; tartean, Aizarnazabalen eta Beizaman. Atzo, osteguna, egindako agerraldian Jose Inazio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailburuak azaldu zuenez, Europako Next Generation funtsetara aurkeztutako proiektuei esker lortu da proiektu hauek aurreratzea. Eguzki energiako 47 instalazio jarrita, 1.200.000 Kwh energia berriztagarri sortzeko asmoa dute, era horretan bi mila etxebizitza baino gehiagoren beharrei erantzunez. 3.400.000 euroko inbertsioa da egingo dutena, Europako funtsetik etorriko da milioi bat pasatxo, eta gainerakoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak ordainduko du.
Energia berriztagarrien bidezko komunitate energetikoak sortzeko prozesua uztailean jarriko dute abian, administrazioen arteko akordioak sinatuta. Era berean, obren lizitazioen eta tokiko energia komunitateak sortzeari buruzko iragarkia argitaratuko dute. Eguzki panelak jartzeko obrak eta komunitateak eratzeko prozesuak, berriz, urrian hastea aurreikusi dute. 2023ko uztailerako nahi dute udalerrietan energia komunitateak martxan jartzea. Aizarnazabalez eta Beizamaz gainera programan parte hartuko duten gainontzeko udalerriak dira: Abaltzisketa, Alegia, Alkiza, Altzaga, Amezketa, Arama, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Elduain, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu, Lizartza, Olaberria, Orendain, Ormaiztegi eta Zizurkil.