Zestoan Fundizio Fest musika jaialdia egingo dute bihar, ostirala, bigarren urtez jarraian. Zazpi talderen eta bi DJren emanaldiak izango dira. Gaztetxeak lokal berria behar duela aldarrikatu dute sustatzaileek.

Zestoan aspaldikoa da musika taldeek entseguetarako baliatzen duten lokala. “Okupatutakoa garai batean eta udalak berak utzitakoa gerora”, zehaztu du Ortzi Alberdi Zestoako gazte asanbladako eta Fundizio musika elkarteko kideak. Hain zuzen ere, hasieran lokal hori kudeatzeko sortu zuten herriko gazte asanblada. “Baina Zestoan betidanik musikarako zaletasun handia egon dela kontuan hartuta, herrian musika sorkuntzan ari diren guztiei aukera bat eman beharra geneukala ikusi genuen”. Egitura handiagoa nahi zuten, eta “musikarako grina hauspotzea eta talde berrien sorrera bultzatzea” jarri zituen helburutzat gazte asanbladak lehenik eta musika elkarteak ondoren. Lanketa horretan, beste pauso bat eman zuten iaz: lehen aldiz antolatu zuten Fundizio Fest musika jaialdia. Bigarren aldia izango dute bihar.
COVID-19ak eragindako pandemia artean lanak ematen ari zela, herriko taldeekin osatu zuten iazko egitaraua: Displasy, Hellwatzh, Manitu, Rodeo eta Ezpalak musika taldeak eta HGS eta Triki DJak igo ziren oholtzara. “Pandemiak pandemia, eserita eta zailtasun handiekin, baina oso giro ona sortu zen azkenerako”, esan du Alberdik. Aurten, beste pauso bat emanda, “egitarau zabalagoa” osatu dute. 17:00etan hasiko da jaialdia, gaztetxean, No place, Igitaia eta Habemus Papam taldeen emanaldiekin, eta Rukula, Trini Fox, Joseba Irazoki eta Lagunak, eta Ezpalak taldeen kontzertuez ere gozatu ahal izango da gero, Laranjadi plazan eta herriko plazan. Amaierarako utzi dituzte HGS eta Alejo Zestoako DJen emanaldiak, arkupeetan.
Festa eta aldarrikapena
Jaialdi soil bat bakarrik ez, aldarrikapen kutsuko mugimendu bat ere badago Zestoako Fundizio Festen atzean: Herriko musika indartzeko, gaztetxea zentrora. “Gaur-gaurkoz, kultur etxeko gela batean daukagu gaztetxea, eta nahiko zaharkituta dago jada; gaur egunerako, txikia eta prekarioa da espazioa”, zehaztu du Zestoako gazte asanbladako eta musika elkarteko kideak. “Udalak berak, gainera, sarritan erakutsi du interesa gaztetxea tokiz mugitzeko”.
Artikulua osorik irakurtzeko: Gipuzkoa.hitza.eusen.