Eguerdia bitartean, parrillean erretako sardinak jateko aukera izan da plazan; gero, duela 121 urteko gertaera irudikatuz, balea harrapatu eta herrira ekarri dute bost traineruk, eta herritarrek harrera beroa egin diete arrantzaleei; eta horren ostean, herri bazkaria egin dute plazan.
Balearen Egunak aurrera jarraitzen du Orion, eta kalean eguerdi partean baino jende gutxiago dabilen arren, daudenak ezin gusturago dabiltz. 10:00etan erraldoi eta buruhandiekin kalejira egin ostean, Harribil dantza taldeak emanaldi txiki bat egin du plazan, eta gero, eguerdia bitartean, parrillean erretako sardinak jateko aukera izan da plazan.
13:00etarako zegoen iragarrita errioan egiten duten balea arrantzaren irudikapena, eta ordua baino dezente lehenagotik jendez estalita zeuden moila eta zubia, inork ez baitzuen ikuskizuna galdu nahi. Horrela, 13:00etan kanpainak hasi direnean, bost traineru joan dira errioan behera. Ordu erdi bat behar izan dute atzera berriz errioan gora etortzeko, harrapatutako balea sokaz lotuta zekarkitela. Herritarrek txalo eta oihu artean hartu dituzte balentria egindako arrantzaleak, eta Salatxo abesbatzak eta Harribil dantza taldeak balearen bertsoak abestuz eta dantzatuz egin diete ongietorria.
Behin errioan egin beharrekoak bukatuta, bazkaltzera jo du jendeak. Batzuk, 250 bat lagun, plazako herri bazkarian gelditu dira; sarrerak, ordea, aspaldi bukatu ziren, saltzen jarri eta ordu gutxira. Bazkalostean, kantuan aritu dira han bildutakoak.