Eguerdiko hamabietarako egin dute hitzordua plazako probalekuan eta 2.000 euro izango dituzte jokoan Errezilgoak eta Aizarnazabalgoak.

Asto apustua hartuko du igande honetan, maiatzaren 22an, Errezilgo plazako probalekuak. Errezil bertako Argindeiren eta Aizarnazabalgo Etxaberen astoak ariko dira lanean, eta 2.000 euro izango dituzte jokoan.
12:00etan hasiko da dema. Errezilgo 600 kiloko asto harria erabiliko dute apusturako, eta ordu erdiko lana osatu beharko dute bi astoek; denbora tarte horretan distantzia gehien betetzen duenarentzat izango da garaipena. Astoen pisaketa eta probalekura zein aurrena eta zein bigarren irten erabakitzeko zozketa apustua hasi baino bi ordu lehenago egingo dituzte.