Lehendabiziko kanporaketako joaneko eta itzulerako partidak jokatuta, Azkoitiak 5 eta 1 menderatu du Zarautz, eta Aiak ere 5 eta 1 irabazi dio Errenteriari. Hurrengo kanporaketan, final laurdenetan, Azkoitiak Soraluze izango du aurkari, eta Aiak Donostia. Zarautz eta Zestoa, ostera, txapelketatik kanpo gelditu dira.

Gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako lehen kanporaketa jokatuta, dagoeneko erabakita dago zeintzuk izango diren final laurdenak lehiatuko dituzten herriak. Eskualdeko bik lortu dute final laurdenetarako txartela: Azkoitiak eta Aiak. Aldiz, beste bi txapelketatik kanpo gelditu dira: Zarautz eta Zestoa. Final laurdenetan, Azkoitiak Soraluze izango du aurkari, eta Aiak Donostia, eta biek etxean jokatuz hasiko dute kanporaketa.
Azkoitiko palistek atzo, igandea, jokatu zuten lehen kanporaketako itzulerako partida Zarautzen aurka, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Joaneko partidak 0 eta 3 irabazita, abantaila zuten azkoitiarrek. Atzo 2 eta 1 gailendu ziren, eta beraz, 5 eta 1 azkoitiarren aldekoa izan da emaitza orokorra. Horrenbestez, txapelketan aurrera egin dute Azkoitiko palistek, eta txapelketatik kanpo gelditu dira zarauztarrak.
Aiako palistek, berriz, ostegunean jokatu zuten lehen kanporaketako itzulerako partida Errenteriaren aurka, hango Agustina Otaola pilotalekuan. Aiarrek ere joaneko partidak 3 eta 0 irabazi zituztenez, nahikoa bideratuta zuten kanporaketa. Itzulerakoak 1 eta 2 irabazi dituzte, eta beraz, 5 eta 1 aiarraren aldekoa izan da emaitza orokorra. Horrela, final laurdenetarako txartela berea du Aiak.
Zestoak, ostera, etxean jokatu zuen lehen kanporaketako joanekoan, 1 eta 2 galdu zuen Donostiaren kontra; eta iragan berri den asteburuan, Donostian jokatu duten itzulerakoan, 3 eta 0 galdu dute zestoarrek. Denera, beraz, 1 eta 5 galduta, txapelketatik kanpo gelditu da Zestoa.