Oikia auzoko eta Xey industrialdeko hondakin urak biltzeko proiektua diseinatu du URA-Uraren Euskal Agentziak. Proiektua jendaurrean jarri du orain.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoen agentziak ohar baten bidez azaldu duenez, etorkizun batean Aizarnazabalgo hondakin-urak ere Zumaiara bideratzeko aukera emango dio proiektuak Gipuzkoako Ur Kontsortzioari. Gaineratu duenez, URAk berak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Urak hitzarmen bat dute sinatuta bailarako hondakin ur hauetik Zumaiako araztegira bideratu ahal izateko. Akordio horren barruan hondakin urak bideratzeko lanen finantzaketaren banaketa eta lurzoruen antolaketa jasotzen da.
Lehen fasean Oikia auzoko eta bertako industrialdeko saneamendu obren proiektua jarri du URAk jendaurrean. “Proiektu hori gauzatzen denean, Urolaren trazadurari jarraituz, hondakin urak Zumaiako Basustako araztegiraino bideratuko dira. Jarduketa horretan kolektoreak eta ponpaketa estazioak jarriko dira abian, bai Oikia auzoko eta industrialdeko saneamendu emarietarako, bai Aizarnabaleko saneamenduko emari gehigarriak etorkizunean sartzeko”, dio agentziak plazaratutako oharrak.
Obrak egiten direnean, Urola ibaiaren beheko zatiak eta Arroaerreka ibaiadarrak jasotzen duten karga kutsatzailea murriztu egingo dela ere gaineratu du. “Beraz, jarduketak uraren egoera ekologikoa nabarmen hobetzeko baldintzak sustatuko ditu”.
Proiektua osatzen duten obra guztiak gauzatzeko eta prest jartzeko epea 11 hilabetekoa da, eta lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 5,4 milioi eurokoa izango da.