San Kristobal gotorlekuko presondegiko ihesaldian parte hartu zuten Agustin Unanue eta Pedro Areta gudari zestoarrak gogoan izan zituzten Berriozar-Ezkaba-Olabe ibilaldian.

Atzoko ibilaldian parte hartu zutenak, Ezkaban. (Zestoako Udala)
Gaurko egunez, duela 84 urte, Espainiako Gerra betean, 750 presok ihes egin zuten Ezkabako (Nafarroa) San Kristobal gotorlekuko presondegitik. Atzo, urteurren horren bezperan, egin zuten Zestoako Udalak eta Agiro mendi klubak elkarlanean antolatu duten Oroimenaren Ibilaldia egitasmoaren lehen etapa. Ezkaba eta Urepele lotuko dituzte lau etapatan, eta Berriozar-Ezkaba-Olabe ibilbidea osatu zuten atzoko lehen etapan.
Erreketeek eta falangistek antolatu zuten Ezkabako iheslarien jazarpena, 206 atxilotu eta fusilatu zituzten, eta hiruk bakarrik lortu zuten ihesaldia burutzea, Urepelera (Nafarroa Behera) iritsita. Beste guztiak hil edo presondegira eraman zituzten bueltan, horien artean Agustin Unanue eta Pedro Areta zestoarrak. Hain zuzen ere, Unanue eta Areta gogoan izan zituzten zestoarrek atzo Ezkaban.

Zestoarrak, Oroimenaren Ibilaldiaren informazio panelaren inguruan. (Zestoako Udala)