Asteazkenean iritsiko dira Getariako portura, eta ostegun goizean abiatuko dira, Juan Sebastian Elkanori omenaldia egin ondoren.

Pasaiako Itsas Festibalaren barruan, Getaria-Donostia-Pasaia zeharkaldia egingo dute mota ezberdinetako bederatzi ontzik ostegunean Getariako portutik abiatuta. Aipatutako ontziak bat egingo dute asteazkenean herrian, eta horien artean, gehienak batelak izango dira, baina traineru, lantxa, potina eta 12 metroko volanteiro bat izango dira. Parte hartzaileek Getariako Udalak eta Elkano kofradiak eskainitako afaria izango dute Elkano kofradian, eta nahi izanez gero, kiroldegian lo egiteko aukera izango dute.
Aurretik, 18:30ean hasita, Ontzi tradizionalen errealitatea eta ontzi historikoen araudi berria mahai inguruaz gozatzeko aukera izango da, kofradian bertan. Bertan hartuko dute parte Miguel Angel Manautek, ontzi historikoei buruzko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretua idatzi duenak, Nereo ontziolako kide Alfonso Sanchezek, Beduola Elkarteko kide Inaxio Manterolak eta Astilleros Catoirako Ramon Collazok (online bidez); Xabier Alberdi historialaria ariko da moderatzaile lanetan.
Ostegun goizean, 09:30ean hasita, Juan Sebastian Elkanori omenaldia egingo diote, eta Getariatik Pasaiara abiatzen diren ontziei haize ona opatuko diete. Ekitaldian parte hartuko dute Haritz Alberdi Getariako alkateak, Izaskun Gomez Pasaiako alkatea, Emeterio Urresti Getariako Elkano Kofradiako lehendakaria eta Xabier Agote Pasaia Itsas Festibalaren zuzendariak.
Ontzien abiatzea, berriz, 10.00etan izango dela aurreikusten da; eguerdian Donostiara iritsiko dira eta bertan bazkaldu ondoren, 18:00etan iritsiko dira Pasaiara.