Botoa eman duten gehienek plaza ondoko lorategiko pinuak kentzea nahi dute, plaza osorik estaltzea eta Baltasar Etxabeko aparkalekuak mantentzea.

Herriguneko hainbat toki berrantolatzeko eta urbanizatzeko landu zituen proposamenak aurkeztu zituen Aizarnazabalgo Udalak joan den martxoaren 17an, segurtasuna eta trafikoa kontrolatzeko proiektuaren barruan. Besteak beste, eliza ingurua, haren ondoko pilotalekua eta probalekua nahiz Baltasar Etxabe kalea beste modu batera antolatzeko proposamenak dira erakundeak berrantolatu nahi dituenak. Maiatzaren 17an zabaldu zuten proposamenak bozkatzeko epea, eta emaitzen berri eman du orain Aizarnazabalgo Udalak.
Guztira, 115 herritarrek eman dute botoa. Parte hartze prozesuan, plaza ondoko lorategian dauden pinuen ingurukoa zen lehen galdera, eta pinu horiek kentzearen alde egin dute herritar gehienek (82 boto); aurka bozkatu dute beste 33k. Plaza estaltzeaz zer iritzi duten ere galdetu diete herritarrei, eta gehienek plaza osorik estaltzearen alde egin dute: 47 herritarrek, hain zuzen ere. 35 herritarrek ez dute nahi plaza estaltzea, eta beste 33k zati bat estaltzea nahi dute (probalekua bai eta lorategia ez). Baltasar Etxabeko aparkalekuen ingurukoa zen azken galdera. Horri dagokionez, dauden ibilgailuentzako aparkalekuak mantentzearen alde egin dute gehienek (61. boto); aldiz, aparkalekuak alde batean mantentzea eta bestean ilaran jartzea nahi dute 32 pertsonak, eta aparkalekuak alde batean mantentzea, bestaldean kentzea eta espaloia nahiz zuhaitzak jartzea beste 21 pertsonak.
Parte hartze prozesuan jasotako botoak eta iradokizunak aztertzeko tartea hartuko du Aizarnazabalgo Udalak uztailaren 31ra bitartean. Azken fase hori abiatu aurretik, ordea, beste bilera ireki bat egingo du erakundeak herritarrekin, parte hartze fasetik ateratako ondorioak aurkezteko. Hiru fase horiek amaitutakoan, lanak ahalik eta azkarren hastea nahi du udalak, asmoa baita obrak “bi edo hiru urtean” amaitzea.