Txirrindularitzako Zumaiako XLIV. Uda Saria proba jokatuko da larunbat goizean Zumaia inguruko errepideetan. XXXII. Gipuzkoako Itzuliko lehen etapa ere izango da Zumaiakoa, eta Euskal Herriko taldeez gain, Kataluniako edo Galiziako txirrindulariak ere izango dira proban.

Junior mailako 184 txirrindulari bilduko dira larunbat goizeko lasterketan. Kategoria horretako Gipuzkoako ziklista guztiez gain, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko taldeak ere bertaratuko dira Zumaiara. Horiez gain, Kataluniako, Aragoiko edota Galiziako ordezkariak ere izango dira maila horretako proban.
Lasterketa abiatu aurretik, 09:30ean, probaren aurkezpena egingo dute Eusebio Gurrutxaga plazan. Bertan bilduko dira proban lehiatuko diren 33 taldeak. Gehientsuenek sei txirrindularirekin parte hartuko dute. Irteera puntuan izango dira Zumaiako Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldeko kirolariak ere. Etxeko zaletuen aurrean maila ona erakutsi nahiko dute.
10:30ean abiatuko da tropela Gurrutxaga eta Zuloaga plaza tarteko bidetik. 95 kilometroko ibilbidea egin beharko dute eskualdeko errepideetan zehar. Unerik gogorrena Aizarnazabaletik Ibañarrietara bitarteko igoera izango dute. Helmuga puntua Axular ibiltokian kokatuko dute, aurreko urteko sariketetan bezala.
Zumaiako Udako Saria izateaz gain, Gipuzkoako XXXII. Itzuliko etapa ere izango da larunbatekoa. Itzulia ostiralean abiatuko da Idiazabalen, erlojupeko bi kilometroko saio labur eta azkarrarekin. Zumaian egingo den lehen etaparen ondoren, igandean Andoainen jokatuko da hirugarren etapa, eta amaierakoa, astelehenean, Seguran.
Joxe Mari Korta Saria
Zumaiako lasterketan lan onena egiten duen txirrindulari taldeak Joxe Mari Korta Saria jasoko du: Zelai Talasoterapian asteburu bat pasatzeko aukera izango dute taldeko kideek.