Sanpedroak ospatzen ari dira asteburu honetan Beizaman. Atzo, arratsaldean, festetako karta joko txapelketako finalak jokatu zituzten, baita sariak banatu ere. Gaur, igandea, artisau azoka, pilota partidak eta herri kirolak izango dituzte, besteak beste.

Atzo, larunbata, sanpedroetako festetako eguna kirola eginez hasi zuten Beizaman. Izan ere, goizean Garrintzara mendi irteera egin zuten hainbat herritarrek, Olaia eta Sara Esnaola trikitilariek lagunduta. Arratsaldean, berriz, karta joko txapelketako finalak jokatu zituzten, 16:30ean hasita. Puntuan, Maritxu eta Pedro Mari izan ziren irabazleak, eta Roke eta Txoko gelditu ziren bigarrenak. Eskoban txapeldunak Maje eta Patxi izan ziren, eta bigarren gelditu ziren joko honetan ere Roke eta Txoko. Musean, ordea, aurreneko bi txapelketetan bigarren egin zuten Roke eta Txoko izan ziren nagusi. Haien atzetik bigarren Elenek eta Unaik egin zuten musean.
Karta joko txapelketetan parte hartu zuten guztien artean bi lagunentzako otordua zozkatu zuten, eta Angeles Olazabal izan zen zortekoa.
Karta joko txapelketetakoak arratsaldean eta iluntzean herri afaria izan zituzten atzokoan. Gero, afalondoa Leinup DJak girotu zuen.
Gaur, igandea, aurtengo sanpedroei bukaera eman aurretik, ekitaldiz betetako eguna dute Beizaman Itzeder, Txibilter eta Montte trikitilariek girotuta. 10:00etan, meza nagusia izango da. Meza ondoren, herriko eta kanpoko produktuen azoka egingo dute eta pilota partidak izango dira frontoian. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, herri kirolak izango dira. Eneko Otañok eta Txikiak aizkora desafioa jokatuko dute Atutxaren eta Mikel Larrañagaren kontra. Harri jasotze erakustaldia, berriz, Olaia Esnaolak egingo du.
Herri kirolen ostean, 21:00etan, festak bukatzeko afaria egingo dute.