Jaien azken txanpan herri kirol erakustaldia izan zen atzo, igandea, Beizaman. Alde batetik, aizkolarien desafioa izan zen, eta bestetik, harri-jasotze erakustaldia. Horren ostean, herri afariarekin eta suziriekin agurtu zituzten beizamarrek aurtengo jaiak.
Bukatu dira Beizamako San Pedro jaiak. Atzo, igandea, pilota partidak eta artisau azoka izan ziren goizean, eta arratsaldean jarraitu zuen festak; izan ere, punta-puntako herri kirol erakustaldia izan zen plazan. Olaia Esnaola 15 urteko harri-jasotzailearen erakustaldiarekin hasi zen jaialdia, eta 63 kiloko harri kubikoarekin bost jasoaldi egin zituen hark bi minututan.
Bestalde, aizkolarien desafioa izan zen. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak Eneko Otaño beizamarraren eta Aitzol Atutxa dimarraren aurka neurtu zituzten indarrak, eta bikote bakoitzak hamar oinbiko ebaki behar izan zituen. Txikia IV.a eta Larrañaga izan ziren enborrak arinen moztu zituztenak, gutxigatik izan bazen ere.
Festei behar bezalako agurra emateko, berriz, herri afaria egin zuten, eta ondoren, suziriekin agurtu zituzten jaiak.