Aiako Gazte Asanblada herritarren aurrean aurkeztu dute

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 6a, 09:26

Herrian bertan sozializatzeko espazioak eraikitzeko eta gazteentzat erakargarri diren jarduerak antolatzeko asmoarekin sortu dute asanblada. Astean behin biltzen dira, asteazkenetan normalean, eta interesa duten aiar gazte guztiei parte hartzera animatzeko deia egin diete.

Herriko hainbat gaztek Aiako Gazte Asanblada sortu dute, eta ostiral arratsaldean, taldea publikoki aurkezteko agerraldia egin zuten kultur etxean. Jakinmina sortu zuen aurkezpenak, gazteek eta ez horren gazteek bete egin baitzuten aretoa.

Ainhoa Gonzalez de Txabarri izan zen hitza hartzen aurrena, eta asanblada aurkezteko ekitaldia antolatzearen zergatia azalduz hasi zen. "Garrantzitsua iruditu zaigu aurkezpena egitea, batez ere, herriko gainontzeko gazteei gure asmoen berri emateko, baina baita beste edozein herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko ere, badakigulako Aia zer-nolako herria den, eta gauza berriek, oro har, zer-nolako harrera izaten duten".

Taldea zergatik eta zertarako sortu duten azaltzeari ekin zion gero. Sorrera ulertu ahal izateko, denboran atzera egin beharra dagoela esan zuen, duela bost bat urte herriko gazteek "beren borondotaz" antolatu zuten aurreneko Gazte Egun hartara. "Askotan entzun izan dugu Aian dagoena dagola. Belaunaldi askok izan dute sentipen hori, onartu dute gauzak horrela direla eta kanpora joan beharra dagoela gazteontzat erakargarri diren gauzak topatzera. Horregatik, guretzat eredugarria izan zen nola gazte haiek, beren borondatez eta konpromisoz, ordura arte emana zitzaiguna gainditzeko modua topatu zuten". Asanbladako kidearen hitzetan, "askorentzat festa egun bat antolatzeak ez du aparteko meriturik izango, eta kritikagarria ere izango da zentzu askotan; esango dute gazteen interesen adierazgarri dela. Gu ere ados gaude horrekin, badakigu festa egun bat ez dela nahikoa gauzak aldatzeko, baina gauzak aldatu nahi badira, nonbaitetik hasi egin behar izaten da. Haiek bidea ireki zuten, eta guk bide hori baliatu nahiko genuke, gure jarduna zabaltzeko eta orokortzeko".

Duela hilabete batzuk, herriko festak antolatzeko asmoarekin, berriz elkartzen hasi ziren herriko zenbait gazte. "Eta elkarren berri izaten joan garen heinean, konturatu gara sozializatzeko ditugun espazio ia denak kanpoan edukitze hori gure borondatearen kontrako zerbait dela", adierazi zuen Gonzalez de Txabarrik. "Hau da, bakoitzak bere adinaren eta gustuen araberako interesak izan arren, denok dugula nahia herrian bertan espazioak eta aukerak izateko".

Era askotako jarduerak

Hori horrela, festak antolatzeko sortutako talde hari nolabaiteko jarraipena ematea pentsatu zuten. IƱaki Alkainek jarraitu zuen azalpenak ematen: "Ikusi genuen festak pasatu eta gero ere biltzen jarraitzeko moduko talde bat sortu genuela, gogoa eta indarra zeudela herrian gauzak sortzeko eta ekintzak antolatzeko, eta erabaki genuen pauso bat ematea eta Aiako Gazte Asanblada sortzea. Horrela, lehen ekintza bezala, gaurko pintxopotea antolatu dugu, eta aurrera begira, asmoa daukagu beste hainbat ekimen antolatzeko". Atzo egin zuten pintxopotea aurrenezkoz, eta aurrerantzean hilero egiteko asmoa dute, aurreneko ostiraletan. Horrez gain, badituzte beste asmo eta ideia batzuk ere. "Kontzertuak, hitzaldiak, mahainguruak, tailerrak eta bestelakoak ere antolatu nahi ditugu, nahiz eta oraindik ez daukagun ezer lotuta".

Asanbladak izan duen harrerarekin gustura daude kideak, ondo hartu dutelako bai herritarrek eta bai udalak. "Gero, jardunak esango du ondo ari garen ala ez, baina saiatu gabe behintzat ez dugu gelditu nahi", adierazi zuen Gonzalez de Txabarrik. Taldea astean behin biltzen da, asteazkenetan normalean. Oraingoz, asteroko dinamika horri eusteko asmoa dute, baina denborarekin eta beharraren arabera, ikusiko dute zenbateko maiztasunez bildu. Astearen arabera, 15 eta 30 lagun artean elkartzen dira orain, baina ahalik eta herriko gazte gehien elkartzea da beren nahia. Horrenbestez, atzoko aurkezpena baliatu zuten interesa duten denei parte hartzera animatzeko deia egiteko.