Datozen egunetarako hainbat jarduera antolatu dituzte Iturraranen

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 1a, 13:52
Iturrarango lorategi botanikoa.

Agorregiko burdinola eta errotak bisitatzeko aukera izango da eta baita Iturrarango lorategi botanikoan altxorraren bila aritzekoa ere. Horrez gain, lorategia zabalik izango da egunero, egun guztian. Bisita gidatuetan zein altxorraren bila jolasean parte hartzeko asmoa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena.

Datorren asteak opor kutsua izango du haur eta gaztetxo askorentzat, aste guztia ez bada ere, aste tartean jaiegun bat baino gehiago izango dituztelako. Hori dela eta, Iturrarango Parketxeak udazkenaz eta naturaz gozatzeko hainbat jarduera antolatu ditu datozen egunetarako. 

Alde batetik, parketxetik gertu dauden Agorregiko burdinola eta errotak gida baten laguntzaz bisitatzeko eta funtzionamenduan ikusteko aukera ere izango da abenduaren 4an, 5ean eta 6an. Bisita doakoa izango da eta euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukera egongo da: euskaraz 11:15ean hasita, eta gaztelaniaz 12:00etan hasita.

Bestetik, Iturrarango lorategiko botanikoa bisitatzeko aukera egongo, zabalik egongo baita egunero, egun guztian.

Eta azkenik, Iturrarango lorategi botanikoan altxorraren bila ibiltzeko aukera ere egongo da abenduaren 4an, 6an, 7an, 8an, 9an eta 11n. Jarduerak GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak prestatutako orientazio zirkuitu bat du oinarrian, eta helburua izango da "jolasaren bidez naturan orientatzen ikastea eta inguruan duguna ezagutzea". Parte hartzaileek balizak topatu beharko dituzte, eta naturarekin lotutako hainbat galdera erantzun. Antolatzaileek azaldu dutenez, haurrek zein helduek parte hartzeko moduko jolasa izango da.

Jardueran parte hartzeko, helduek bost euro ordaindu beharko dute; eta 12 urte arteko haurrek, hiru euro. Bi ordu eta erdiko iraupena izango du jarduerak.

Bisita gidatuetan zein altxorraren bila jolasean parte hartzeko asmoa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita. Bestela, online erreserba sistemaren bidez ere eman daiteke izena, lotura honetan.