Txikitasunean artista handia

Ainitze Agirrezabala 2017ko eka. 21a, 12:28
Pedro Arizaga 'Bartolito' txakurrarekin. (Ainitze Agirrezabala) Joxe Migel Iztueta Lazkao Txikik eta Mattin Trekuk hankamotz bat ikusi zuten behin kalean, eta goierritarrak hala esan zion Ahetzeko bertsolariari: "Mattin, hor doan hori gu baino gehiago duk!". "Nola izango duk, ba, gu baino gehiago, hankamotza duk eta!". "Bai, horrek bat zeukak motza. Guk biak", erantzun zion pikardiaz Lazkao Txikik. Izan ere, garaieraz txikia izanagatik, lazkaotarrak esan ohi zuen zertarako behar zituen hanka luzeagoak, oinak lurreraino iristen zitzaizkiola eta. "Gizona kokotsetik kopetara neurtu" behar dela zioen Iztuetak; pertsona txikitasunean handia izan daitekeela, alegia. Lazkao Txikiren uste berekoa da Aizarnazabalgo Eitza auzoan jaio eta bizi den Pedro Arizaga. Metro eta erdira ez da iristen luzeran, eta Pedrito, Ermita txikiya, Txikiya edo Pedro Txikiya bezala da ezaguna. Lau urtez, gaixo Soldadutzarako deitu ziotenean, Donostiako Loiolan militarrengana aurkeztu eta libre geratu zela adierazi du Arizagak. "1,48 metro besterik ez dut neurtzen, eta soldadutzara joateko gutxienez 1,55 metro izan behar zen. Nolanahi ere, garaieragatik izan ez balitz ere, libre geratuko nintzen, mediku-agiria aurkeztuta. Izan ere, zortzi urterekin perthes gaixotasuna izan nuen, eta aldakako izterrezurra birrindu zidan". Lau urtez pletinadun aparatu bat erabili behar izan zuen, eta "ia-ia pertsona baliaezin" geratu zela kontatu du. "Gaixotasunagatik, hasieran eskolara joateari utzi nion, baina, gero, Endoiako maisu bat etortzen zitzaidan etxera bila eta hark eramaten ninduen autoan. Neure tramankulu eta guzti, ederki moldatzen nintzen futbolean". Denbora librerik gabe Zortzigarren mailara arte egin zituen ikasketak, Aizarnazabalgo herri eskolan. "Burua oso ona nuen. Zazpigarren mailan hogei oso ongi atera nituen, eta zuzendariak ikasten jarraitzera animatu ninduen. Baina, bai zera! Eskola utzi eta baserrira dedikatu izan naiz, bazegoen eta zer egina!". Gero, urte batzutan, Zarauzko Urdaneta auzoko Izeta baserrian egon zen morroi, eta 2000. urtean okindegi bateko lantegian hasi zen beharrean, Zumaian. "Lutxi izena du okindegiak, eta gaur egun langile autonomoa naiz; neu arduratzen naiz negozioaz eta guztira zortzi langile ditut". Arizaga lanerako bizi dela esatea ez da puztea. Izan ere, asteko zazpi egunetan 22:00etatik 07:00etara aritzen da lantegian, eta, ondoren, ogia banatzen du, 11:30ak arte. Kanpoan ez ezik, baserrian ere zereginik ez zaio falta Txikiyari. "Lau behi, bigantxa, txahala, idiskoa, oiloak eta bost txakur ditugu, eta amarekin eta osabarekin bazkaldu ondoren, arratsaldea aprobetxatzen dut lo egiteko. Txakurretako batek Bartolito izena du, eta bazkalondoren eskailburuan izaten dut zain, elkarrekin siesta egiteko. Ohearen ertzera bidaltzen nau,  eta bera zabal-zabal etzaten da ohearen erdian". Pedro Arizaga mutikotan, pletinadun aparatuarekin, gurasoekin eta anaiarekin. (Pedro Arizaga) Zaletasun "izugarria" du ehizerako, eta txakurrei eta eskopetei dagokienez ondo osatuta badago ere, "garrantzitsuena" falta zaio: denbora. "Autonomo aritu aurretik, urtero hamabost egun hartzen nituen, urrian. Iaz, ordea, urte osoan, Gabon gauean eta Urte Zahar gauean bakarrik egin nuen jai. Urria sakratua da niretzat, uso garaia da eta. 1991n, eztulka ito beharrean nengoen, baina halere ehizean segitu nuen egunetan. Azkenean, pleura izan nuen, eta hamahiru egun pasatu nituen ingresatuta. Ospitalean ere leihotik begira egoten nintzen, uso pasari begira. Alta jaso eta hurrengo egunean bertan hartu nuen eskopeta". Teknologia berrien eta sare sozialen zalea da, eta Facebook, WhatsApp eta jendea ezagutzeko webguneak egunero erabiltzen ditu: "Une honetan ez dut bikotekiderik, baina Internetez hainbat emakume ezagutu izan ditut. Argentinako neska batekin egin nuen hartu-emana, eta haren familia ezagutzeko asmoarekin 11 egun igaro nituen Argentinan, 2002an. Asko gustatuko litzaidake berriro hara itzultzea, baina oraingo honetan ehizera. Hemendik jende asko joaten da Argentinara usotara, Olaizola pilotaria eta...". Telebistara jauzia Denboraz larri ibiliagatik, gustuko lekuan ez da izaten aldaparik, eta telebistan lantxoak egiteko ateratzen du astia, lo orduei kenduta bada ere. ETBn Joxe Felipe Auzmendik aurkezten zuen Hirutan hiru lehiaketaren bidez zapaldu zuen aurrenekoz platoa Arizagak. Harrezkero, Bizizaleak, Brinkola, Go!azen telebista saioetan eta Urte berri on amona filman aritu da, eta hainbat iragarkitan ere parte hartu du. "Brinkola telesailarekin ezagun egin nintzen; saninazioetan Azpeitira festara joan eta gazte guztiak autografo eske etortzen zitzaizkidan. Okindegian baino gehiago irabazten nuen Brinkolan. Mantsoagatik utziko nuke lana, telebistara dedikatzeko".