III. Adiskidefest musika jaialdia izango da ostiralean Aizarnazabalen

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 28a, 12:13
Rodeo taldea, iazko Adiskidefest jaialdiko kontzertuetako batean. (Adiskide)

Herriko tabernetan hasi eta gaztetxean bukatu, hiru kontzertuk osatuko dute Adiskide gaztetxekoek antolatutako jaialdia. Izei, Trilita, GZR eta The Grace of Dionysus taldeek hartuko dute parte.

Zuzeneko musika eta eskualdeko taldeak nagusi izango dira ostiral arratsaldean eta gauean Aizarnazabalen. Adiskide gaztetxeak antolatuta, III. Adiskidefest jaialdia ospatuko dute herrian.

Arratsaldean herriko tabernetan eta gauean gaztetxean izango dira kontzertuak. 19:00etan, Azpeitiko Izei taldeak joko du Uztarri tabernan. 20:00etan, berriz, Troxka tabernan izango da hitzordua, Errenteriako (Gipuzkoa) Trilita taldearen emanaldiarekin. 23:00etan hasiko da gaztetxeko musika gaualdia, eta bi talderen zuzenekoak jarraitzeko aukera izango da han: Zumaiako The Grace of Dionysus eta Getariako GZR.