Triki afaria egingo dute hilaren 28an Aizarnazabalen

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 19a, 09:00
Manex Torrealdai trikitilaria. (Noaua)

Alaitsuk antolatu du eta Manex Torrealdai trikitilaria izango da gonbidatua. Afarirako txartelak salgai jarri dituzte Uztarri eta Troxka tabernetan. Hilaren 23a izango da horiek erosteko azken eguna.

Alaitsu musika eta dantza elkarteak antolatuta, triki afaria ospatuko dute Aizarnazabalen apirilaren azken ostiralean, hilaren 28an.

Laiotz taldeko Manex Torrealdai izango da afariko gonbidatua. Herritar orok du triki afarira joateko aukera. Horretarako, Alaitsukoek Uztarri eta Troxka tabernetan salgai jarri dituzten txarteletako bat erosi beharko dute. Bi menu prestatu dituzte antolatzaileek, bata helduentzat eta bestea haurrentzat, eta txartelen prezioa ere desberdina da batzuentzat ala besteentzat. Horrela, helduen afarirako txartelak 24 eurotan jarri dituzte salgai; eta 13 eurotan, berriz, haurrentzako txartelak. Hilaren 23a izango da txartelak eskuratzeko azken eguna.

Eskola azpian egingo dute afaria, 21:00etan hasita. Afal ondorenean Alaitsuko trikitilariak ariko dira giroa alaitzen. Antolatzaileek "erromeria giro ederrean afaltzera" animatu nahi dituzte herritarrak.

Ikasleekin hitzordua

Triki afariarekin borobilduko dute arratsaldean Alaitsuko ikasleekin hasiko den egun berezia.

Izan ere, afariaren aurretik elkartuko da ikasleekin Torrealdai, haiekin solasaldia egiteko.