Erremontari Herriz Herri Txapelketako bi partida izango dira bihar Aizarnazabalen

Andoni Elduaien 2023ko api. 21a, 15:44
Segurola izango da biharko protagonistetako bat. (Oriamendi)

Binakako bi partida jokatuko dituzte 18:00etan hasita, Atari-Soro pilotalekuan. Lehen partidan Urtzi Gurrutxaga aizarnazabaldarrak jokatuko du, eta bigarrenean, Beñat Segurola herrikideak. Erremontari Herriz Herri Txapelketaren lehen jardunaldiko partidak izango dira Aizarnazabalgoak.

Erremontari Herriz Herri Txapelketaren partidak jokatuko dituzte bihar, larunbata, Aizarnazabalgo Atari-Sori pilotalekuan. 18:00etan hasiko da jaialdia, eta bi erremonte partida ikusteko aukera izango dute pilota zaleek, tartean herriko bi erremontista. Lehen partidan, batetik, Gurrutxaga herrikidea eta Apezetxea arituko dira, eta bestetik, Irazu eta Eskudero. Bigarren partidan, berriz, Segurola aizarnazabaldarrak eta Barrenetxea IV.ak osatuko dute bikote gorria, eta Ezkurra II.ak eta Azpirozek urdina.

Erremontari Herriz Herri Txapelketa atzo, osteguna, aurkeztu zuten Miramongo EITBren egoitzan. Txapelketa berria da, hain justu, Erremontari saioaren bultzada jarraituz antolatu dute. Txapelketan Oriamendi enpresako erremontista guztiek parte hartuko dute, bi taldetan banatuta: A taldean Erremontari saioan ari diren pilotariak arituko dira, eta, B taldean, Oriamendiko beste erremontista guztiak.

Bikoteak ez dira finkoak izango; izan ere, jardunaldi bakoitzean aldatu egingo dituzte bikoteak. Hori horrela, pilotari bakoitzak bere puntuazio indibiduala izango du. Zortzi jardunaldiren ondoren, pilotari bakoitzaren emaitzak hartuko dituzte kontutan (egindako tantoen eta huts egiteen kenketaren emaitza, hain zuzen). Media onena duten lau erremontistek jokatuko dute talde bakoitzeko finala (bi aurrelari eta bi atzelari talde bakoitzean).

Aizarnazabalen hasiko du txapelketak bidea; izan ere, Atari-Soro pilotalekuko partidak lehen jardunaldikoak izango dira. Hurrengo jardunaldiak Zestoan, Amezketan, Orion, Beasainen, Altsasun, Villabonan eta Hondarribian jokatuko dituzte. Final nagusia Zumarragan izango da, ekainaren 27an.