Egitarau oparoarekin dator Aizarnazabalgo Gazte Eguna

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 4a, 09:37
Jolasak, Aizarnazabalgo iazko Gazte Egunean. (Mailo Oiarzabal)

Eguerditik gauera, askotariko ekitaldiak prestatu ditu Adiskide gazte elkarteak larunbaterako, musika emanaldi ugarirekin. Zestoatik eta Zumaiatik autobus zerbitzu bereziak jarri dituzte.

Etzi, maiatzaren 6an, ospatuko dute Aizarnazabalen aurtengo Gazte Eguna. 12:30ean hasiko dira ekintzak, eta igande goizaldera arte luzatuko da festa giroa. Izan ere, egitarau oparoa prestatu du Adiskide gazte elkarteak eta askotariko ekitaldiak izango dituzte aukeran Aizarnazabalen elkartzen direnek, musika ardatz izango duen ospakizunean.

Bazkaria bertsolariekin, elektrotxaranga, kontzertuak, DJak... eta bigarrenez egingo duten Ahari Plost jarri dituzte Adiskidekoek, besteak beste, larunbaterako. Hau da egitarau osoa:

  • 12:30. Triki poteoa, Erkizirekin eta Manexekin.
  • 13:30. Gazte argazkia.
  • 14:30. Gazte bazkaria, Beltza eta Larrume bertsolariekin.
  • 17:30. Ahari Plost.
  • 18:30. Skapaie elektrotxaranga.
  • 20:30. DJ Patx Intraktor.
  • 23:00. Kontzertu gaua: Jauja, Manitu, DJ Avila eta Tximas.

Gazte Egunaren gaineko xehetasun guztiak eta jarraipena sare sozialen bidez egiten ari dira Adiskidekoak: @adiskidegaztetxia da beren kontua Instagramen, eta Aizarnazabalgo Gaztetxia dira Facebooken. Alots Arregi artista azkoitiarrak egindako kartela eta iruditeria ditu 2023ko Aizarnazabalgo Gazte Asteak.

Autobus zerbitzu bereziak

Aizarnazabalgo gazteek ez ezik, inguruko herrietakoak ere erakarri ohi ditu Adiskidekoen Gazte Egunak. Hori dela eta, aurten ere autobu zerbitzu bereziak prestatu ditu Lurraldebusek, larunbat gauean Zestoatik eta Zumaiatik Aizarnazabalera joan nahi dutenentzat.

Aizarnazabalera joateko autobusa 22:00etan irtengo da Zumaiatik eta 22:30ean Zestoatik. Aizarnazabaldik itzultzeko, berriz, 03:00etan irtengo da Zestoara joateko autobusa, eta 03:30ean Zumaiara joango dena.