Triki poteoarekin hasi dituzte Aizarnazabalgo Gazte Eguneko ekitaldiak

Nerea Uranga 2023ko mai. 6a, 17:03

Dozenaka gazte ibili da gaur eguergian trikitilariekin poteoan. Izan ere, Adiskide gazte elkarteak antolatuta Gazte Eguna ospatzen ari dira Aizarnazabalen. Arratsaldetik goizaldera arte ere ekintzak dituzte prestatuta.

Gaur ari dira ospatzen Aizarnazabalen Gazte Eguna, Adiskide gazte elkarteak antolatuta. 12:30ean hasi dituzte ekintzak trikitilariek lagunduta egin duten poteoarekin. Segidan, bildu diren dozenaka gazteek taldeko argazkia atera dute.

Beltza eta Larrume bertsolariek girotuta egin dute bazkaria, eta bazkalondotik goizaldera arte ekintzak izango dituzte.

Egitaraua:

  • 17:30. Ahari Plost.
  • 18:30. Skapaie elektrotxaranga.
  • 20:30. DJ Patx Intraktor.
  • 23:00. Kontzertu gaua: Jauja, Manitu, DJ Avila eta Tximas.

Autobus zerbitzu bereziak

Aizarnazabalgo gazteek ez ezik, inguruko herrietakoak ere erakarri ohi ditu Adiskidekoen Gazte Egunak. Hori dela eta, aurten ere autobus zerbitzu bereziak prestatu ditu Lurraldebusek, gaur gauean Zestoatik eta Zumaiatik Aizarnazabalera joan nahi dutenentzat.

Aizarnazabalera joateko autobusa 22:00etan irtengo da Zumaiatik eta 22:30ean Zestoatik. Aizarnazabaldik itzultzeko, berriz, 03:00etan irtengo da Zestoara joateko autobusa, eta 03:30ean Zumaiara joango dena.