2023ko udal eta foru hauteskundeak

Mari Karmen Arregi: "Aizarnazabal maite dugunez, herri hobea lortzea dugu helburu"

Ihintza Elustondo eta Urtzi Oteiza 2023ko mai. 10a, 09:00

Zortzi urtez Aizarnazabalgo alkate izan da Mari Karmen Arregi (Zestoa, 1968), eta berriro aurkeztuko da ardura horretarako EH Bildurekin. Herritarren partaidetza bultzatzea izango du helburu.

Dagoeneko zortzi urte daramatzazu Aizarnazabalgo alkate izaten. Ez al zara nekatu, aspertu? 

Egunak izaten dira, momentuak. Baina alkategaia aukeratzeko garaia iritsi zenean, dudak izan nituen arren, taldearekin hitz egiten hasi nintzen, eta... Oraingo honetan, haiek bultzatu naute aurkeztera. 

Aurrez zinegotzi ere izan zinen beste lau urtez; beraz, guztira hamabi urte daramatzazu udalean. 

Bai, hala da. Badira urte batzuk. 

Zer nabarmenduko zenuke azken agintalditik? 

Ez da izan oso agintaldi normala. Pandemia izan dugu tartean, eta horrek asko mugatu gaitu. Balorazio gazi-gozoa egingo nuke. Ez da izan erraza. Gogorra izan dela esango nuke, baina bestalde, herritarrekin harreman zuzenagoa izatea ere ahalbidetu du egoerak. Hori nabarmenduko nuke; denok etxean egon garenean, zuzeneko hartu-emana izan dugu herritarrekin. 

Izurri garaian egindako elkarrizketan aipatu zenuen, Foru Funtsaren murrizketak tarteko, ezingo zenituztela gauzatu nahi zenituzten proiektu guztiak. Horri buelta ematea lortu al duzue? Zein da Aizarnazabalen egoera ekonomikoa? 

Ekonomikoki oso ondo gaude. Egia esan, urte ona izan dugu, baina, era berean, ezin izan ditugu proiektu denak egin. Besteak beste, ezin izan dugu herriko plaza berritu, gastu handia zuelako eta ez ginelako gai. Herritarren parte hartzearekin diseinatu da proiektu hori, baina ez dugu asmatu erabat egitasmoa martxan jartzen. Hori izan da egin gabe utzi dugun proiekturik garrantzitsuena. Gainontzean, gauza asko egin ditugu, baina egia da diru kopuru bat pandemiara bideratu behar izan genuela, momentuko beharretara, eta horrek mugatu egin gaituela. 

Herrian ur zikinekin arazoa zenutela ere aipatu zenuen azken aldi hartan. Horri konponbidea ematea lortu al duzue? 

Nahiko ondo joan zaigu arlo horretan. Oraintxe gauzatuko dugu horri lotutako azken proiektua, Mikel kalean, eta horrez gain, beste zati txiki bat gelditzen zaigu konpontzeko, Gaiko Etxeberri aldean. 

Amaitzear den agintaldia gorabeheratsua izan den arren, EH Bilduren izenean berriro aurkeztuko zara alkategai. Orain arte egindako bideari jarraipena ematea izango al da zure helburua? 

Bai. Egiteko gelditu zaizkigun gauza horiek aurrera eramatea nahiko genuke, baita gauza berriak egitea ere, betiere Aizarnazabal buruan izanda eta herritarrekin zuzenean lan eginez. 

Nolako hautes zerrenda osatu duzue? 

Esango nuke aniztasun handia dagoela taldean; jende desberdina dago, gazteak ere bai... Ilusioz eta gogoz dagoen taldea osatu dugu. Ea denon artean gauza hobeak egiten ditugun. 

Zer erronka dituzue datorren agintaldira begira? Bost aipatu zenituen hautes zerrenda aurkezteko egin zenuten ekitaldian. 

Erronka handiena izango da herritarren partaidetza bultzatzea; hori da gure helburu nagusia. Horrez gain, etxebizitzaren arazoari aurre egitea nahiko genuke. Etxe hutsen inguruko diagnostikoa egitea nahi dugu, zenbat dauden jakiteko eta alokairu soziala bultzatzeko. Egia esan, gaur egun gazteek ez daukate batere erraza etxebizitza bat eskuratzea; ez gazteek, ezta beste edonork ere. Gazte asko datoz atzetik, eta arazoa ezingo da konpondu lau urtean, baina pausoz pauso, ea egoerari irtenbidea emateko bidea egiten dugun. 

Herriko plaza zaharberritzea izango da beste erronka bat. 

Herriko sarreran autoek abiadura dezentea hartzen dute, eta horri aurre egitea izango da beste erronka potoloa, herritarren segurtasuna bermatzeko. 

Bertako jendeari laguntzea ere bada zuen nahia. 

Aizarnazabalen gertatzen dena da denda txikiak-eta ixten joango direla, erreleborik ez dagoelako, eta horri buelta batzuk eman beharra daukagu. Bertan dauzkagun baliabideak mantentzen saiatu behar dugu. 

Berdintasuna da zuen beste oinarrietako bat. 

Hori da. Talde feminista bat sortu da herrian, eta gure taldean ere berdintasuna dugu oinarri. Urte batzuk badaramatzagu berdintasunaren alde lan egiten, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu.

Jasangarritasuna eta ingurumena dira azken erronkak. 

Herriko eraikinetan eguzki plakak jarri ditugu, eta elkarte bat sortu da herritarrek bertan izena emateko eta plaka horietatik sortzen den argindarra jasotzeko. Ez da izango, momentuz, proiektu handia, baina bide horretatik segi nahi dugu; eraikin publikoetan eguzki plakak jartzen jarraituko dugu. Ingurumenaren arloan, txosten bat egin du Aranzadik, eta gure herriarentzako altxor bat den berdegunea mantendu nahi dugu. 

Beti esaten dute herri txikietan bizi direnek ondoko herrietara joan behar izaten dutela zenbait zerbitzuren bila. Aizarnazabalen zerbaiten falta sumatzen al duzue?

Bai, beti izaten da zerbaiten falta. Medikuaren kontua nabarmenduko nuke nik. Medikua badaukagu Aizarnazabalen, egunero egiten du lan herrian, pare bat orduz, baina oporrak hartzen dituenean, ez dugu izaten haren ordezkorik. Horrez gain, autobusen zerbitzua ere badaukagu herrian, baina gutxienekoa da; Zestoara eta Zumaiara joaten da, eta hori hobetzea oso onuragarria izango litzateke herriarentzat. 

Aizarnazabaldarrek zergatik eman behar diote botoa EH Bilduri?

Herriko talde bat garelako, herriarekin lan egitea nahi dugulako, eta gure herria maite dugunez, denon artean Aizarnazabal hobea lortzea helburu izango dugulako.

EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dituzte hautes zerrendak Aizarnazabalen datozen udal hauteskundeetarako. Mari Karmen Arregi da EH Bilduren zerrendaburua, Itziar Aizpurua EAJrena eta Jose Maria Diez PSE-EErena. 
Hedabide honek alkategai guztiei eman die elkarrizketarako aukera, baina EAJren zerrendaburuak eta PSE-EErenak ez dute parte hartu nahi izan.