Larunbatean egingo dute X. Jan Sano eta Bizi Pozik azoka

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 29a, 09:08
Iazko Jan Sano eta Bizi Pozik azoka, Aizarnazabalen.

Bertako eta artisautza produktuak, baserriko tresnak, animaliak, umeen txokoa... Aukera zabala izango da Aizarnazabalen ekainaren 3ko goiz eta eguerdi partean, jan-edana ere ez da faltako, eta idi dema erakustaldi bat ere jarraitu ahal izango da.

Aizarnazabalen dena prest dute aurtengo Jan Sano eta Bizi Pozik azokarako. Datorren larunbatean, ekainaren 3an, egingo dute, eta hamargarren aldia beteko du udalak antolatutako azokak 2023koarekin.

Lehen sektoreko bertako ekoizleen produktuak eta artisautzakoak izango dira aurten ere azokaren ardatza, baina ikusteko, erosteko eta gozatzeko aukera zabala aurkituko dute larunbatean 10:00etatik 14:00ak bitartean Aizarnazabalera joaten direnek; baserriko tresnak eta animaliak ez dira faltako azokan, eta umeei eskainitako txokoa ere prestatuko dute. Festa giroan egingo dute azoka eta, horrenbestez, jan-edanerako parada ere izango dute bisitariek: burduntzian erretako bildotsa eta bestelako pintxoak, eta sagardoa txotxetik eskainiko dituzte antolatzaileek, dastatzeko.

Lau orduko azoka osatzeko, 13:00etan idi dema erakustaldia izango da plazako probalekuan, Arroako Etxetxoren eta Aizarnazabalgo Etxabe-Palazioren idiekin.