Aizarnazabalgo Udalak 1,8 milioi euroko aurrekontua onartu du 2024rako

Nerea Uranga 2023ko aza. 16a, 15:33
Aizarnazabalgo udaletxea.

Urriaren 25eko udal osoko bilkuran erabaki dituzte Aizarnazabalgo Udalaren datorren urteko aurrekontua eta ordenantza fiskalak. EH Bilduren ordezkarien onespena jaso dute, eta EAJren ordezkaria abstenitu egin da. Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, %2,7ko igoera izango du 2024koak. Udal tasa eta zerga ia guztiak %2 igoko dituzte.

Aizarnazabalgo Udalak datorren urterako udal aurrekontua eta ordenantza fiskalak onartu zituen urriaren 25ean egindako udalbatzarrean. EH Bilduren udal ordezkarien aldeko botoekin eta EAJren ordezkariaren abstentzioarekin 1.854.000 euroko udal aurrekontua onartu du datorren urterako. Aurtengo udal aurrekontuarekin (1.377.025 euro) alderatuta, %2,7 handiagoa da 2024koa. Igoera horren arrazoia "Espainiako Estatuak finkatutako gastuaren araua" da, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak azaldu duenez.

Udal aurrekontuak onartzeko orduan, udal ordezkariek ez dute aurreikusi mailegurik eskatzea: "Aurretik udalak duen zorra ordaintzen joatea erabaki da, eta esan dezakegu ona dela Aizarnazabalgo Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa".

Datorren urterako aurreikusi dituzten egitasmoak sailez sail azaldu ditu Arregik. Irisgarritasunari lotuta, udaletxea egokitzeko asmoa du udalak. "Udaletxean irisgarritasuna bermatzeko eta aldaketa klimatikoaren araudira egokitzeko aztertu egingo da igogailua jartzea edota erreforma integrala egitea".

Enpleguari lotuta, berriz, eskualdeko programaren bidez eta Lanbidek emandako diru laguntzarekin, gazteen kontratazioa bermatzen jarraitu nahi dute udal ordezkariek.

Euskara arloan, euskara klaseak AEKren bidez ematea erabaki dute.

Ingurumenari eta baserriari lotuta, baserri inguruen komunikazioak hobetzeko eta baserri bideak konpontzeko lanekin jarraituko du udalak datorren urtean ere.

Kulturari lotuta, berriz, Jan Sano eta Bizi Pozik azoka antolatzen segituko dute. "Azoka horrek oinarrian duen ildoan jarraituko dugu lanean, era horretako kultur ekintzekin bertako produktuen salmenta indartzea helburu hartuta", azpimarratu du Aizarnazabalgo alkateak.

Segurtasunaren arloan, aurten egindako lanak aipatu ditu Arregik; alegia, Zubialde auzoan autobus geltokiaren inguruan zebra-bidea eta semaforoak jarri izana, eta herri sarrerako zubiko espaloiak berritzea. "Herritarren segurtasuna garrantzitsua da, eta hori bermatzeko lanak egiteko asmoa du udalak", gaineratu du alkateak.

Plaza eraberritzearen inguruko partaidetza prozesua berriro martxan jartzea ere aurreikusita du udalak, plaza berritzeko eta proiektua erabakitzeko orduan "herritarrek parte har dezaten". Alkatearen esanetan, beren nahia da "herriko plaza denen gustukoa izatea".

Aizarnazabalgo Udalaren 2024ko aurrekontua:

  • Gastuak: 1.854.000 euro
    - Pertsonal gastuak: 503.602 euro
    - Gastuak ondasun arruntak: 546.001 euro
    - Finantza gastuak: 5.000 euro
    - Transferentzia arruntak: 168.000 euro
    - Inbertsio errealak: 576.872 euro
    - Finantza aktiboak: 0 euro
    - Finantza pasiboak: 54.525 euro
  • Diru sarrerak: 1.854.000 euro
    - Zuzeneko zergak: 410.455 euro
    - Zeharkako zergak: 51.500 euro
    - Tasak eta prezioak: 389.480 euro
    - Transferentzia arruntak: 984.952 euro
    - Ondareko diru sarrerak: 3.090 euro
    - Inbertsioak inorentzea: 103 euro
    - Kapital transferentziak: 14.420 euro

Udal tasei eta zergei %2ko igoera

Udal aurrekontua onartu zuten udal bilkura berean onartu zituzten datorren urteko ordenantza fiskalak Aizarnazabalgo Udalean; hain zuzen ere, urriaren 25eko batzarrean. Kasu honetan ere, EH Bildukoen onespenarekin erabaki zituzten, EAJren ordezkaria abstenitu egin baitzen.

2024an zabor bilketaren tasa ez beste udal tasa eta zerga guztiak %2 igoko ditu Aizarnazabalgo Udalak. Zaborraren tasa, berriz, %3 igoko dute.

Familia ugariei hobariak ezartzen jarraituko du Aizarnazabalgo Udalak, baina hobariak ezartzeko orduan, familiek errenta aitorpenean dituzten sarrerak kontuan hartuko ditu.