Inauteriak 2024

Inauteriez gozatzen ari dira Aizarnazabalen

Intza Trula 2024ko ots. 9a, 19:23

Alaitsu musika eta dantza eskolako kideek kolorez eta musikaz betetako kalejira eta emanaldia eskaini dituzte arratsaldean herrian. Gauerako, aldiz, photocall-a eta DJ saioa antolatu dituzte gaztetxean.

Mozorrorik onenak armairutik atera eta musikaren eta dantzaren erritmoan hasi dituzte aizarnazabaldarrek inauteriak. 17:30ean abiatu dira kalejiran Alaitsu musika eta dantza eskolako kideak, eta herria zeharkatu dute pilotalekura joan aurretik. Ondoren, dantza ikuskizuna eskaini dute bertan, ikustera gerturatu diren herritarren aurrean.

Festak ez du etenik gaur herrian; hain zuzen, mozorroak luzitzeko argazkien txokoa jarri dute gaztetxean. Horrez gainera, poteoa eta gaua girotzeko DJa ere antolatu dituzte.