Azaroa agurtzeko jaiak

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 29a, 09:42

Bihar, San Andres Eguna ospatuko dute Azkoitian, eta euskal ohiturei lotutako hamaika ekitaldik hartuko dute herriko plaza. Antolatzaileek asteburura arte luzatu dituzte aurten festak

Taloa eta txorizoa dira sanandresetako protagonistetako bi. (A.A.) San Andres, goizean azaroa, arratsean ez, hala dio Euskal Herriko esaera zaharrak, eta Azkoitian baiezta dezakete hori. Izan ere, neguaren atarian sanandresak ospatuko dituzte bihartik aurrera, eta eguraldiaren iragarpena baikorra ez bada ere, herritarrek gogoz hartuko dituzte baserritar giroko jaiak. Gainera, izango dute barruak berotzeko aukerarik txorizo eta talo postuen bidez. Asko gaur gauean hasiko dira festak ospatzen, baina bihar izango da jaien egun nagusia. Ohi bezala, baserritarrez jantzita aterako dira kalera herritarrak, eta goizean goizetik jan-edan postuek hartuko dituzte plazako arkupeak. Aurten, honako talde hauek jarriko dituzte postuak: Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Azkoitia BHI –bi postu izango ditu–, Floreaga ikastetxea, Izarraitz Lanbide Heziketa eta Presoen Lagunak. Umeek, gainera, izango dute zer gozaturik goizean zehar. Izan ere, beste urte batez marrazki lehiaketa egingo dute, eta haurrek herriko txokoak irudikatzeko parada izango dute eguerdira bitartean. 10:00etan hasiko da lehiaketa, eta parte hartzaileek Txuri Urdin elkartetik hartu beharko dute materiala. Ondoren, azoka plazan aurkeztu beharko dituzte lanak. Aurten, gainera, eguerdian banatuko dituzte sariak, arratsaldean egin beharrean. Kirola, hutsik egin gabe Euskal ohiturei lotutako festak dira sanandresak, eta badira hainbat ekitaldi tradizio bihurtu direnak, hala nola eguerdiko herri kirol jaialdia eta arratsaldeko pilota partidak. Aurten, Larrañaga eta Txikia IV.a aizkolariek eta Goikoetxea, Goenatxo III.a, Karmele Gisasola eta Udane Ostolaza harrijasotzaileek eskainiko dute erakustaldia, eta arratsaldean, Kontzejupe Sariaren zazpi final jokatuko dituzte. Hain zuzen ere, honako maila hauek lehiatuko dira, eta banakako zein binakako norgehiagokak jokatuko dituzte: gizonezko nagusiak, Emakume Master Cup, 11 eta 12 urteko neskak, kadete eta jubenil mutilak, kimu mutilak, infantil mutilak eta benjamin mutilak. Idi probek ere izango dute lekua sanandresetan, eta hiru egunez demak jokatuko dituzte Gurean. Guztira, bederatzi demalari arituko dira lehian, eta 1.650 kiloko Ipintza harria erabiliko dute. Bihar, Ipiñarrieta, Elorrieta eta Kamiñoko jatetxeak neurtuko dituzte indarrak; larunbatean, Jesus Garaiar, Zunbeltxu eta Aurrekoetxea izango dira Gurean; astelehenean, azken saioan, berriz, Lopategik, Oliden oriotarrak eta Azkoitiko Isidro Erretegiak parte hartuko dute. Asteburuan ere festa Aurten, San Andres eguna ostirala izanik, asteburura luzatu dituzte festak, eta, beraz, etzi ere izango da zertaz gozaturik herrian. Besteak beste, umeentzako parkea jarriko dute plazan, eta gauean Oihan Vegak dantzan jarriko ditu herritarrak, 21:30etik aurrera eskainiko duen disko festaren bidez.
  • Bihar, ostirala. San Andres eguna
    • Egun osoan zehar, talo eta txorizo postuak, herriko plazako arkupean.
    • 09:30. Herriko dultzaineroen eta trikitilarien kalejira.
    • 10:00. Marrazki lehiaketa, Txuri Urdin elkarteak antolatuta.
    • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
    • 11:30. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
    • 12:30. Herri kirol jaialdia, herriko plazan. Aizkolariak: Larrañaga eta Txikia IV.a. Harrijasotzaileak: Goikoetxea, Goenatxo III.a, Karmele Gisasola eta Udane Ostolaza.
    • 14:00. Marrazki lehiaketako sari banaketa, herriko plazan.
    • 17:00. Kontzejupe Sariaren azken pilota partidak, Kontzejupean. Azkoitiko Pilota Eskola elkarteak antolatuta.
    • 22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea probalekuan.
  • Abenduak 1, larunbata
    • 16:00. Haurrentzako parkea, herriko plazan.
    • 21:30. Oihan Vega dj-a, plazan.
    • 22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea probalekuan.
  • Abenduak 2, igandea
    • 10:00. XXIII. San Andres xake txapelketa Elkargunean, Anaitasuna Kakute Xake elkarteak antolatuta.
  • Abenduak 3, astelehena
    • 22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea probalekuan.