Azkoitia Bai herri plataforma Oletako parke eolikoaren aurka agertu da

Andoni Elduaien 2022ko urr. 17a, 15:36

Herri plataformaren esanetan, "inongo planifikaziorik gabe inposatu" nahi dute Oletako parke eolikoaren proiektua. Energia "berriztagarrien alde" daudela nabarmendu dute, baina baita "mendien alde" ere. Energiaren "benetako burujabetza" lortzeko balioko duten proiektuak lantzen eta bultzatzen hasteko eskatu du Azkoitia Baik, eta horretarako proiektuen azterketa independenteak eskatu ditu.

Azkoitia Bai herri plataformak ez du begi onez ikusten Oletan egin nahi duten parke eolikoaren proiektua. Oletan ere Ez! taldeak duela egun gutxi mozioa aurkeztu zuen udalean, herri erakundeak bere jarrera zein den erakutsi dezan. Horren ostean azaldu du bere jarrera Azkoitia Bai herri plataformak, eta Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten udal taldeen artean publikoki bere jarrera azaldu duen lehena izan da. Plataformak ohar bidez jakinarazi duenez, Green Capital Development 65 SLU enpresak "inongo planifikaziorik gabe inposatu" nahi du proiektua Oleta mendian. Ondorengoak "baliabiderik gabe utzi" baino lehen, horrelako proiektuak "baztertu" egin behar direla uste du herri plataformak, "gure ondasunaren eta kulturaren parte den horri balioa emanez eta babestuz".

Herri plataformarentzat "etekin handienak ateratzeko aukeratu duten eremua" da Oleta. "Haize errotak petrolioa baino hobeagoak izango dira, baina beharbada ez da egokiena". Horren aurrean, Azkoitia Baik adierazi du bailararako eta Gipuzkoarako irtenbide egokiena eta bakarra ez dela parke eolikoak ezartzea, eta energiaren "benetako burujabetza" lortzeko balio dezaketen proiektuen azterketa independenteak eskatu ditu. "Herriak hausnarketa edo azterketa sakon baten ondoren erabaki beharko luke zer energia garbi den guretzat egokiena, baina horren etekina, tokia, beharrak, ingurumena eta beste hainbat gauza kontuan hartuta". Energiaren "kontsumoa jaitsi" behar dela nabarmenduta, Azkoitia Baik uste du eskualde bakoitzak erabaki beharko lukeela trantsizio energetikoa nola egin, energia fosilak baztertu edo ez, zer eta zenbat energia garbi jarri, horien kokalekua eta CO2 isuriak zein kantitatetan jaitsi.

Era berean, plataformaren iritziz horrelako gaiak eta proiektuak ez lirateke enpresa baten interes pribatuetatik abiatu beharko. "Horrelako gai potoloak aurretik aztertu beharko lituzke Aldundiak edo Jaurlaritzak. Helburu zehatz batzuk ezarri ondoren, herri edo bailara bakoitzak erabaki beharko luke zein den aukerarik egokiena, betiere eremu horren ezaugarrien arabera". Dena den, "herritarren burujabetza" indartu nahi du Azkoitia Baik. "Herritarron burujabetza indartzeko unea iritsi da. Bakoitzaren burujabetza energetikoa bultzatuz egingo dugu benetako burujabetza duen herria, bakoitzaren independentziatik hasita".

Energia berriztagarrien alde agertu da herri plataforma, baina, ez horiek mendietan kokatzearen alde. "Energia berriztagarrien alde gaude, izan eguzkiaren energia, energia hidrologikoa, haize errotek emango liguketena, aerotermia edo geotermia, baina baita mendien alde ere. Dagoeneko industrializatuta dauden eremuetan eman behar genioke hasiera horrelako proiektuei, natura guneen eta landa eremuen erabilera saihestuz".

Zenbait azterketaren ondorioak

Diru publikoarekin finantzatu izan diren azterketen ondorioen berri ere eman nahi izan du Azkoitia Baik. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak energia berriztagarriak aprobetxatuta, tokian-tokiko komunitateen auto-hornidurarako planak sortzeko eta garatzeko egindako azterketa izan du hizpide. Hain zuzen, 2012-2015 urteetako Gipuzkoa Energia Foru Planean azterketa bat egin zuen Aldundiak, Gipuzkoan energia sortzeko zenbat baliabide dauden zenbatzeko, eta baliabide horiek garatzeko dagoen ahalmena jakiteko. Biomasa, lur eta itsas eolikoa, fotovoltaikoa eta termikoa, hidroelektrikoa, itsasokoa, azaleko geotermia eta sakoneko geotermia hartu zituzten aintzat azterketa hori gauzatzeko.

Azterketaren bidez ondorioztatu zuten "garatu gabeko ahalmen energetikoa" dagoela Gipuzkoan, baina tartean ahalmen hori baldintzatzen duten elementu batzuk daudela, zehazki "baliabideak eskuratzeko eta teknologiak garatzeko unean". Energia berriztagarriaren sorrera banatua sustatzeko eta energiaren dependentzia nahiz BEG isurpenak gutxitzeko, tokian tokiko komunitateen auto-hornidurarako planak onartu behar direla jaso zuten azterketan. Plan horiek onartzeko baliabideak biomasa, fotovoltaikoa, intentsitate ertaineko eolikoa, minieolikoa eta geotermia izan behar zirela zehaztu zuten, helburua gauzatzeko proiektuak abian jarriz. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren arabera, gainera, horrelako proiektuek lehentasun handia dute.