Azkoitiko Udalak lizitaziora atera ditu berriz ere Floreagan bigarren igogailua eraikitzeko lanak

Andoni Elduaien 2022ko urr. 24a, 15:25

Ekainean prozesua hutsik gelditu ondoren, bigarren aldiz atera ditu udalak Floreagako irisgarritasun proiektuaren bigarren faseko lanak. Orduan, 805.641,03 euroko hasierako aurrekontua zuten lanek; orain, berriz, 231.110 euro gehiagokoa. Bigarren fasean, igogailu bat, hari lotutako bi pasabide eta urbanizazio lanak egitea aurreikusi du udalak.

Azkoitiko Udalak bigarren aldiz atera ditu lizitaziora Floreaga auzoko irisgarritasun proiektuaren bigarren faseko lanak. Erakundeak maiatzean atera zituen lizitaziora lanak aurreneko aldiz, baina orduan lehiaketara enpresarik aurkeztu ez zenez, hutsik gelditu zen prozesua. Erakundearen arabera "materialen prezioen igoerak" eragin zuen hori.

Orain, udalak bigarrenez atera ditu Floreagan bigarren igogailua eraikitzeko lanak lehiaketara. Maiatzean 805.641,03 euroko hasierako aurrekontua zuten lanek, eta orain, 1.036.751,2 euroko (BEZ barne) oinarrizko aurrekontua. Beraz, 231.110 euro gehiagoko aurrekontuarekin aurkeztu du erakundeak lehiaketa. "Prezioak berraztertu dira, aurrekontua eguneratu, diru-partida berria bideratu eta berriro atera lanak lizitaziora", adierazi du udalak ohar bidez.

Bigarren faseko lanetan igogailu bat jartzea, hari bi pasabide lotzea eta gunea urbanizatzeko lanak egitea aurreikusten du udalak. Hain zuzen ere, Aizkibel eta Zuazola kaleen arteko bidegurutzean kokatuko lukete igogailua, eta hari lotutako bi pasabideak Zuazola plazara eta Floreaga Berri plazara eramango lukete. Igogailuaren lehen solairuak Zuazola plazara eramango luke, eta bigarrenak Floreaga Berri plazara. Zehazki, errepidearen gainetik igaroko litzateke bigarren plaza horretarako pasabidea —albisteko irudian Zuazola plazarako pasabidea ageri da soilik—. "Jada exekutatuta dagoen lehenengo faseak eta bigarrenak auzoko gune ezberdinak konektatuko dituen ibilbide bakar bat osatuko dute, Aizkibel kalean 16,5 metroko desnibela libratuz".

Lizitaziora proposamenak aurkezteko azken eguna azaroaren 16a, asteazkena izango da, kontrarazio profilean iragarkia argitaratu eta biharamunetik hasita, 26 egun naturaleko epean.