Buruzai proiektu eolikoari buruzko bilera egin dute udalak eta Capital Energy enpresak

Andoni Elduaien 2022ko urr. 28a, 14:39

Atzo goizean elkartu ziren udaletxean udal talde guztietako eta enpresako ordezkariak. Capital Energyk Oleta mendian egin nahi duen Buruzai proiektu eolikoa aurreproiektuan dago, baina azaroaren 9a baino lehen aurkeztu beharko du Eusko Jaurlaritzan ingurumen inpaktuarekin batera. Udalak, bestalde, "konpromisoa" hartu du aurrerago herritarrekin bilera ireki bat egiteko.

Atzo, osteguna, udaletxean bildu ziren udalean ordezkaritza duten udal taldeetako kideak eta Oletan parke eolikoa gauzatu nahi duen Capital Energy enpresako ordezkariak. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Javier Zubizarreta alkateak eskatu zion bilera enpresari, eta hark batzarrera deitu zituen udal talde guztietako zinegotziak, guztiek "ahalik eta informazio zehatzena jaso ahal izateko".

Udalaren arabera, "energia-iturri berriztagarrietara soilik" dedikatzen den enpresa bezala aurkeztu zuen bere burua atzo Capital Energyk. Enpresa horrek Buruzai izeneko eolikoen parkea egin nahi du Oleta mendian; hain zuzen, lau haize errota jarri nahi dituzte han, eta eragina izango du Azkoitian, Zumarragan, Ezkio Itsason eta Azpeitian. Gaur-gaurkoz aurreproiektua garatzen ari da enpresa; izan ere, azaroaren 9a baino lehen Eusko Jaurlaritzan aurkeztu beharko du hura ingurumen inpaktuaren txostenarekin batera.

Dena den, atzo udaletxean egindako bileran aurreproiektuari buruzko zenbait xehetasun ere eman zituzten Capital Energyko ordezkariek. Konpainiaren arabera, Buruzai parkeak "20 megawatteko energia sortzeko ahalmena" izango du; bestela esanda, "15.464 etxebizitzetan" kontsumitzen den beste energia sortzeko gaitasuna. Gainera, parkerako sarrera Zumarraga aldetik egitea aurreikusi dute, zehazki Pagotxeta aldetik.

Herritarrekin bilera, aurrerago

Enpresarekin batzartu ostean, udalak jakinarazi du herritarrentzako bilera irekia deituko duela, baina hori aurrerago izango da. "Udalak herritarrentzat irekia izango den bilera deitzeko konpromisoa hartua du, proiektuaren inguruan dagozkion azalpenak emateko nahikoa informazio duela ikusten duen momentuan. Zenbat eta gehiago jakin guztiok, are eta zuzenagoa izango da azken erabakia", dio alkateak.

Halaber, erakundeari "kezka" sortzen dio gisa horretako parke batek Azkoitiko bizilagunengan eta enpresengan zer onura izango lituzkeen. "Lantzen ari diren gaiak dira, eta puntu horretan aurreratzea zen bileraren arrazoietako bat", adierazi du.