Azkoitiko Udalak Hirigintzako Arau Subsidiarioen aldaketaz informatzeko jardunaldi irekia deitu du

Andoni Elduaien 2022ko aza. 15a, 13:32
Intsausti eremuan izango du eragina Hirigintzako Arau Subsidiarioaren aldaketak. (Andoni Elduaien)

Arau Subsidiarioen aldaketak Intsaustiko eta Txalonerrekako eremuei eta araudi orokorrari eragiten die, eta testua idatzi duen taldeak proposamena azaltzeaz gain, herritarren galderak ere erantzungo ditu. Azaroaren 24rako jarri dute hitzordua udaletxeko bilkura areto nagusian, 17:00etan.

Azkoitiko Udalak Hirigintzako Arau Subsidiarioen aldaketaren berri emateko jardunaldi irekia deitu du azaroaren 24rako, osteguna. Aldaketa proposamena idatzi duen taldeak edukia azalduko du udaletxeko bilkura areto nagusian, eta herritarren galderei ere erantzungo die. 17:00etarako jarri dute hitzordua eta 19:00etara bitartean emango dituzte azalpenak.

Hirigintzako Arau Subsidiarioen bosgarren aldaketaren dokumentuari hasierako onespena iraileko udalbatzarrean eman zion udalak, eta egun, informazio publikoko epealdian dago. Arau Subsidiarioen bitartez, herriaren etorkizuneko eredua diseinatzen dute. Aldaketak, besteak beste, Txalonerrekako eta Intsaustiko esparruei eragingo die, dokumentu berrian jasoko baitute bi gune horien etorkizuneko diseinua zein izango den. Era berean, araudi orokorrean ere izango du eragina aldaketak.