'Gari eta goroldiozko' eleberria ostegunean aurkeztuko du Anarik Azkoitian

UKH 2022ko aza. 18a, 12:43
Anari Alberdi, 'Gari eta goroldozko' liburua eskuetan duela. (Kulturalea)

Anari Alberdik aurreneko liburua kaleratu berri du Gari eta goroldiozko. Azkoitiarrak atzo aurkeztu zuen idatzizko bere lehen lana Donostian, baina datorren ostegunean, azaroak 24, Elkargunean egingo du liburuaren aurkezpena Iñigo Aranbarrirekin batera.

Anari Alberdik Gari eta goroldiozko (Susa) bere lehen eleberria kaleratu berri du, eta atzo egin zuen haren aurkezpena Donostian. Dena den, bere jaioterrian ere egingo du aurkezpena Anarik; izan ere, datorren ostegunean, hilak 24, Elkargunean izango dira Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarra eta biak liburua aurkezten. 19:00etarako jarri dute liburua aurkezpena egiteko hitzordua, eta saioa herritar ororentzako irekia izango da.

Lehen pertsonan kontatuta, 50 urte inguru dituen emakume bat protagonista duen liburua da Alberdik ondu berri duen lana, eta bi paisaiak bat egiten dute kontakizunean: "50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharrago dela jabetu den emakume bat ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan. Semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika", azaldu zuen Anarik atzo egindako aurkezpenean.