Aurkeztu dute datorren larunbatean jokatuko den Azkoitiko XVII. Herri Lasterketa

Andoni Elduaien 2022ko aza. 19a, 09:00
Raka Maraton kirol elkarteko kideak, Elkargunean. (Raka Maraton)

Datorren zapatuan izango da Azkoitiko XVII. Herri Lasterketa, Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak antolatuta. Parte hartzaileek hamar kilometro egin beharko dituzte, ohiko ibilbidean. Proba 16:30ean hasiko da, eta plazan izango ditu irteera eta helmuga. Oraindik zabalik dago izena emateko epea.

Azaroaren 26an, larunbatez, jokatuko dute XVII. Herri Lasterketa. 16:30ean hasiko da proba herriko plazan, eta gune berean amaituko da. Hamar kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, ohi bezala. Guztira, 350 korrikalarik eman ahal izango dute probarako izena, eta Raka Maraton kirol elkarteak emandako datuen arabera, gaur-gaurkoz 150 lagun daude izena emanda. Horien artean da, besteak beste, Maite Maiora iazko irabazleetako bat.

Beste urte batez, helmugara iristen diren lehen hiru gizon-emakumeek jasoko dituzte sariak; zozketak ere egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. Halaber, parte hartzaileek herri lasterketako poltsa bat eta zenbait opari jasoko dituzte. Bidegurutzeak-eta egiteko 30 boluntario inguru beharko dituztela nabarmendu dute Raka Maraton. Proban laguntzeko interesa duten boluntarioei dei egin diete 15:00-15:30ean plazara agertzeko.

Probarako izen-emate epea zabalik dago iraila erdiaz geroztik: herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena azaroaren 25era bitartean. 16 urtetik gorako herritarrek izango dute lasterketan parte hartzeko aukera, eta 13 euro ordaindu beharko dute horiek inskripzioa. Dortsalak jasotzeko mahaia ere ordu berean irekiko dute, 14:30ean.