Urola Bizirikeko kideek ezkur eta gaztaina haziak landatu dituzte Munoaundin

Andoni Elduaien 2022ko aza. 21a, 09:18
Urola Bizirikeko lagunak haziak landatzen, Munoaundin. (Argazkiak: Urola Bizirik)

Natur taldeko kideek Munoaundiko lursailetan landatu dituzte 300 ezkur eta gaztaina hazi. Aurrerago, herriko baratze mintegian dituzten 400 landare gazte gune horretan eta herriko beste hainbatetan landatzeko asmoa du Urola Bizirikek, eta deialdi irekia egingo du herritarrek ekintzan parte har dezaten.

Urola Bizirikek aurten jasotako ezkur eta gaztaina haziak landatu ditu asteburuan Munoaundin. Natur taldeko kideek, besteak beste, haritz, ametz eta artelatz ezkurrak landatu dituzte gaztaina fruituekin batera, haien arabera, "300 hazi inguru". Urola Bizirikek azaldu duenaren arabera, "landaketa hasiera batean auzolanean" egitea aurreikusten zuten, baina eguraldi euritsua tarteko, natur taldeko kideek egin dute landaketa.

Era berean, Urola Bizirikek jakinarazi du "laster" herriko baratze mintegian dituzten 400 landare gazte Munoaundiko lursailetan eta herriko beste zenbait lursailetan landatzeko asmoa duela. Landaketa "irekia" izango da, eta natur taldeak "aurrerago" egingo du ekintza horren deialdia. Nabarmendu du "eguraldia lagun" duten egun batean egingo dutela landaketa.