Lau eta erdiko txapeldunak Azkoitian hasiko du ostiralean eskuz binakako txapelketa

Andoni Elduaien 2022ko aza. 23a, 09:15
Ezkurdiaren eta Etxeberriaren arteko lehia izango da aurreko koadroetan. (Aspe)

Pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketa Azkoitian hasiko da ostiralean. Lau eta erdiko txapelketako txapelduna, Joseba Ezkurdia, eta finalerdietan haren aurka galdu zuen Pello Etxeberria nor baino nor gehiago arituko dira aurreko koadroetan Gurea pilotalekuan. Julen Martijarekin arituko da Ezkurdia, eta Beñat Rezustarekin Etxeberria. Sarrerak eskuratu daitezke dagoeneko Interneten.

San Andres jaien barruan, pilotari profesionalen eskuz binakako partida izango da ostiralean, 22:15ean, Gurea pilotalekuan. Azkoitian hasiko du aurtengo ibilia txapelketak, eta ez edonolako pilotariekin; izan ere, Joseba Ezkurdia lau eta erdiko txapelduna izango da partida nagusiko protagonista nagusia. Ezkurdiak Julen Martijarekin osatuko du bikotea, eta Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta izango dituzte aurrean. Etxeberriak ere lau eta erdiko txapelketa ona egin du, Ezkurdiak kaleratu baitzuen hura finalerdietan.

Lehen mailako pilotarien ondoren, bigarren mailako partida jokatuko dute Gurean. Julen Egiguren —promozioko lau eta erdiko txapeldunordea—eta Xabier Erostarbe arituko dira batetik, eta Julen Salaberria —promozioko lau eta erdiko txapelduna— eta Oier Etxeberria bestetik. Gaur, asteazkena, 13:00etan izango da bi partiden pilota aukeraketa Gurea pilotalekuan. Azkoitiko jaialdia, gainera, zuzenean eskainiko du ETB1k 22:15etik aurrera.

Sarrerak, salgai

Ostiraleko pilota jaialdirako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Entradas Fronton atarian. 35 euroan jarri dituzte saltzen kantxako sarrerak, eta 20euroan bigarren solairukoak nahiz errebotekoak. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak, ordea. Gureako leihatila 21:15etik aurrera zabalduko dute.