Etxekoek jaso dute Maritxu Errazkinen Korta saria

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 23a, 13:09
Errazkinen semeetako bat, eskuinetik bigarrena, 2022ko Korta sarien banaketa ekitaldian. (irekia.eus)

Gasteizen banatu zituen atzo aurtengo sariak Eusko Jaurlaritzak, baina Aldalur Anaiak autobus enpresaren sortzaileak ezin izan zuen ekitaldian parte hartu, osasun arazoak tarteko. Eli Pombo errainak hartu zituen oroigarria eta hitza Errazkinen ordez: "Balio paregabeak erakutsi dizkigu: adorea, kemena eta indarra edozein erronka edo arazoren aurrean. Ez da erraz amore ematen duten horietakoa".

Eusko Jaurlaritzak atzo banatu zituen Joxe Mari Korta Sariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez, beren bizitza eta enpresa ibilbideagatik nabarmentzen diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresaburuei urtero egiten zaien aitortza. Aurten lau enpresari saritu ditu erakundeak, eta horietako bi eskualdekoak dira: Engranajes Juaristi enpresako zuzendari kudeatzaile Anabel Juaristi zarauztarra eta Aldalur Anaiak autobus enpresaren sortzaile Maritxu Errazkin azkoitiarra.

Maritxu Errazkinek ezin izan zuen ekitaldian izan osasun arazoak tarteko, eta haren errain Eli Pombok ordezkatu zuen: "Maritxuk egon beharko luke hemen, eta eskertua egoteaz gain, segur aski esango luke Arantxa Tapiaren eskutik berria jaso zuenean amets batean zegoela pentsatu zuela. Eta segur aski ez zizkion bere buruari loreak botako".

Familiak hitz labur batzuen bitartez omenaldi hunkigarria eskaini nahi izan zion Errazkini, eta Pombok horretarako baliatu zuen aukera bere hitzaldian: "Balio paregabeak erakutsi dizkigu: adorea, kemena eta indarra edozein erronka edo arazoren aurrean. Ez da erraz amore ematen duten horietakoa". Gizonezkoena zen esparrutan "naturaltasunez" eta "lortzen ari zenaren jakitun izan gabe" lekua egiten jakin izan duen emakume enpresaria dela azpimarratu nahi izan zuten etxekoek; "euskalduna, baina munduari irekia", eta "ausarta".

Juaristik, berriz, Joxe Mari Korta zumaiarra izan zuen gogoan bere hitzartzean: "Hainbat ordu partekatu genituen Adegin, baina gehien oroitzen naizena da Antoniano ikastetxeko garaiaz". Enpresari izatea "betidanik" gustuko izan duela azaldu zuen Juaristik, baita arriskuak hartzeak motibatzen duela ere. "Zin dagizuet ez dela batere aspergarria". Era berean, zera esan zuen: "Zerbait sortzen dudala sentitzen dut, funtzionatzen duen ekosistema bat. Gizarteari ekarpena egiten dion produktu eta zerbitzu bat. Horrek ongi sentiarazten nau".

Eli Pombo, Maritxu Errazkinen erraina, 2022ko Korta sarien banaketa ekitaldian. (irekia.eus)

"Konpromisoa eta ekarpena"

Gainerako bi aitortzak, berriz, Gonzalo Anton Izadi upategiaren sortzaile arabarrarentzat eta Faes Farmaren presidente Mariano Ucar bizkaitarrarentzat izan dira. Hain justu ere, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jaso zituzten sariak, eta honek sarituen "konpromisoa eta ekarpena" eskertu zituen, "Joxe Mari Kortaren balioei jarraipena emanez, euskal enpresaren baliorik onenak indartu eta gizarte osora zabaltzeko" egindako ahaleginagatik. Era berean, haien ibilbidea eredugarritzat jo zituen euskal gizartearentzat.

Saritutako pertsonen eredua "konfiantzazko inbertsio bat" dela nabarmendu zuen lehendakariak: “Era guztietako zailtasunak ezagutu dituzue, eta erantzun konstruktibo eta positiboa aurkitzeko borroka egin duzue beti". Alde horretatik, enpresa bat sortzeko, garatzeko eta hazteko gaitasunaren adibide izan direla azpimarratu zuen, nahiz eta sarituetako bakoitzak ibilbide desberdina izan duen.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ere hartu zuen parte ekitaldian, eta sarituek "lanbide-jarduera garatzeko enpresa-sektoreetan duten inplikazioa" nabarmendu zuen, “baita enpresa-balioen garapenean, enpresen sorreran eta jarduera berrien eta lanpostuen sorreran duten garrantzia ere”.