Iban Garcia TikTok sare sozialaren For You Fest sarietarako izendatu dute

Andoni Elduaien 2022ko aza. 24a, 09:00
Iban Garcia. (Andoni Elduaien)

Influencer azkoitiarrak TikTok sare sozialaren For You Fest sarien Sortzaile Erreferenteak kategorian lortu du izendapena. Sare sozialaren erabiltzaileek gogokoen dituzten sortzaileei botoa emateko eta ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izateko aukera izango dute igandera bitartean TikTok plataforman.

Iban Garciak izendapena lortu du TikTok sare sozialaren For You Fest sarietan. Hain justu, influencer azkoitiarrak Sortzaile Erreferenteak kategoriako izendapena lortu du. For You Fest sarien bigarren edizioa da aurtengoa, eta plataformaren helburua da sortzaileen sormena, aniztasuna eta talentua sustatzea. Era berean, sare sozialak adierazpen sortzailea sustatzen duen espazioa izatea nahi du.

Sare sozialaren erabiltzaileek gogokoen dituzten sortzaileei botoa emateko eta ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izateko aukera izango dute TikTok plataforman bertan. Hain zuzen, azaroaren 27ra arte botoa emateko aukera izango dute erabiltzaileek. Finalistak ezagutzeko eta gogokoen duten sortzailearen alde bozkatu ahal izango dute TikTok aplikaziotik, For You Fest Sariak bilaketa eginda. Irabazleak datorren ostegunean, abenduak 1, jakinaraziko ditu plataformak.