Herritarren aurrean aurkeztu du Anari Alberdik 'Gari eta goroldiozko' eleberria

Andoni Elduaien 2022ko aza. 25a, 11:45
Anari eta Aranbarri solasean. (Ane Olaizola)

Elkarguneko Oteiza aretoan egin zuen aurkezpena Anarik Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrarekin batera. Herritar ugari elkartu zen Anariren Gari eta goroldiozko eleberriari buruzko solasaldia entzutera.

Anari Alberdik Gari eta goroldiozko (Susa) bere lehen eleberria aurkeztu zuen joan den astean Donostian, eta atzo bere lehen idatzizko lanaren aurkezpena egin zuen Azkoitian. Herritar ugari elkartu zen Elkarguneko Oteiza aretoan; izan ere, Anari eta Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarra luze-zabal aritu ziren liburuaren inguruan solasean.

Azkoitiarrak ondu berri duen liburua lehen pertsonan dago kontatuta, eta 50 urte inguru dituen emakume bat da protagonista. Anarik dioenez, abestietarako balio ez dion zerbait idatzi du. "Orain dela hamar urte edo, testu bat idazten hasi nintzen, oso gazte hil zen nire aita baino zaharragoa nintzela konturatu bainintzen. Orain, zaharragoa naiz, eta hor ikusten dut denboraren jolasa. Bizitzan gertatzen diren oso gauza ohikoak dira, baina halako toles bat egiten dit denborak momentu horretan, eta jartzen nau nonbaitera begira".

Dena den, Anarik gogoan du garai hartan hamahiru olibondo zaintzeko ardura jaso zuela oinordetzan. Hain justu, olibondo horiek ulertzeko ariketa batean jarri du bere burua Anarik. Gertaera eta aldi horietan "abiapuntu bat" dagoela adierazi zuen azkoitiarrak. Hala ere, argitu zuen ez dela bere familiari buruzko liburua. Azkoitiarra saiatu da momentu honetan bertan bizi direnek "bidaia" egin eta bakoitzak ikusten dituen gauzak azaltzen.