Sanandresak 2022

Pilotak bere lekua du sanandresetan

Kris Fernandez 2022ko aza. 29a, 15:00

Pilotakada hotsak izango dira nagusi bihar Kontzejupean, San Andres egunean, XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketako finalak jokatuko baitituzte, 17:00etan hasita. 

Urriaren 10ean ekin zioten herriko pilotariek XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketari, eta joan zen astean jokatu zituzten finalaurrekoak. Finalak bihar, San Andres egunean, izango dira, udaletxe azpiko frontoian, Kontzejupean. 17:00etan hasiko dira txapelketako azken partidak; bost final izango dira guztira. Benjaminetan (8-9 urte), Oihan Mendizabal-Aimar Iturralde bikotea Jurgi Subinas-Aitzol Garateren aurka arituko da; kimuetan (10-11 urte) Ekain Juaristi-Jurgen Aizpurua bikoteak Aiur eta Jokin Alkorta izango ditu aurrez aurre; infantiletan (12-13 urte), bestalde, Oier Juaristik eta Urtzi Segurolak osatutako bikoteak Mikel Alberdi eta Julen Etxanizen aurka jokatuko du; kadeteen mailan (14-15), Jon Arregik Denis Galarzaren aurka jokatuko du finala; azkenik, jubenil eta nagusien (16tik gorakoak) mailetako finala jokatuko dute Jon Oteizak-Imanol Lasa eta Alex Juaristi-Inhar Egaña bikoteek.

Oteiza pilota elkarteko kideek azaldu dutenez, "beti giro ona" sortzen den eguna izaten da San Andres eguna. Dena den, eguraldiarekin zorte txarra izan ohi dutela adierazi dute: "Eguraldi txarra tokatzen zaigu gehienetan, eta hori da txarrena. Izan ere, pilotalekua busti egiten da, zerrautsa bota behar izaten dugu, eta horrek ikuskizunean galera eragiten du. Gainera, ikusleentzat toki gutxi izaten da Kontzejupean. Eguraldi ona eginez gero,baina, jende asko elkartzen du hitzorduak; beraz, ea eguraldi ona egiten duen aurten".

Kontzejupeko Pilota Txapelketaren XLVIII. edizioa da aurtengoa. Guztira, 89 pilotarik parte hartu dute lehian, eta 50 partida inguru jokatu dituzte horiek. Oteizako kideak "oso gustura" daude txapelketak izan duen harrerarekin: "Oso ondo joan da hasieratik; izan ere, izen-ematea iaz baino hobea izan da. Lehengo urtean, 70 pilotarik parte hartu zuten, eta aurten, orduan baino 19 gehiagok. Azkoitia herri oso pilotazalea da, betidanik izan da pilotarako zaletasuna".

Txapelketak eta partidak urte guztian antolatzen dituztela ere esan dute: "Oteizaren ateak herritar denentzat daude zabalik, eta azkoitiarrak gurera etortzera gonbidatu nahi ditugu, giro ederra izaten delako". 

Meritu handia du Oteizako kideek egiten duten lanak, azken urteetan kirol modalitate asko egiteko aukera sortu delako. Horrek, baina, izan du bere eragina  pilotan ere: "Nabaritzen da gainontzeko kirolen gorakada. Pilotak asko exijitzen du, bakarrik jokatzen duzu pilotan, eta irabazi edo galdu, bakarrik egiten duzu". Horregatik, Oteizako kideek taldeko giroa sortzeari "garrantzia handia" ematen diote. "Giro hori gabe zailagoa izango litzateke pilotan aritzea". 

Lana da, beraz, Oteiza pilota elkartearen sekretua. Lana eta antolaketa. Izena emateko epea ireki, datak zehaztu, frontoia txukun mantendu, lehiak antolatu, sariak prestatu... Hala diote: "Ondo antolatutako talde lana egiten saiatzen gara. Elkarteak ligaxka erara antolatzen ditu txapelketak, modu horretan, haurrek partida gehiago jokatzeko aukera izaten baitute. Gainera, txikienentzat ez dugu kanporaketarik antolatzen, gozatuz partida bat baino gehiago jokatzeko aukera izaten dutelako horrela", azaldu dute.