Sanandresak 2022

Euskal jantzi tradizionala, baserritik kalera

Erredakzioa 2022ko aza. 29a, 09:00

San Andres egunak badu bereizgarririk, eta horietako bat da baserritar jantzia. Egun horretan ume, gazte zein heldu ikus daitezke euskal jantzi tradizionalarekin kalean. Arropa guztiekin gertatu den bezala, denborak eragindako joera aldaketek eragina izan dute baserritar jantzietan ere. Aldaketa horiez eta Azkoitiko ohiturez hitz egin du Maxixatzenek Bego eta Maina mertzerietako ordezkariekin.

Beste urte batez, Azkoitiko kaleak baserritar jantziz beteko dira San Andres egunean. Jantziak zuriak, beltzak edota koloretakoak izan, tradizioari jarraituko diote azkoitiarrek. Euskal jantziaren bilakaera nabarmena izan da azken urteetan; izan ere, baserritar jantzi bezala ezagutzen dena, garrantzia handiko jantzi eta ohitura bihurtu da eskualdeko nahiz Euskal Herriko hainbat festatan, nesken edo emakumeen kasuan, batik bat. Azkoitiko San Andres festak eta San Andres eguna ez dira salbuespena. Ondo baino hobeto dakite hori herriko Bego eta Maina mertzerietako kideek.

Urtean behin edo bitan jantzi arren, garrantzi handia ematen zaio baserritar jantziari. Duela urte batzuk ez zen jantzi horien aukera handirik, baina gaur egun kolore, forma eta ehun ugaritako jantziak aurki daitezke han eta hemen. Izan ere, herritarrek gaur egun dituzten nahiak eta beharrak ere aldatu egin dira. Horren erakusle da duela 20 urteko emakumeen baserritar jantziak beltzak eta lore txikien diseinudunak izatea oro har. Mutilen kasuan, berriz, mahoizko galtzek eta blusa edo alkandora beltzak osatzen zuten uniformea. Azken urteetan, ordea, aukerak areagotu egin dira. "Dantza txapelketak direla eta, joera berritu egin da, eta jantzi horiek ikusteko aukera izan dugu. Gero eta aukera handiagoa dago, eta gainera, lehengo jantzi haiek eta oraingoek ez dute zerikusirik. Oraingoak askoz politagoak dira, kolorez, formaz... Lehengoak amonek erabiltzen zituztenen itxurakoak ziren; gona eta blusa, eta batzuek, amantal txiki bat janzten zuten", azaldu du Maina Arzallus Maina mertzeriako kideak.

Kalerako arropekin gertatzen den gisan, baserritar jantziak ere joeren arabera aldatu dira. Hala dio Bego Osinalde Bego mertzeriako ordezkariak: "Kolore aldaketa, adibidez, asko nabaritu da. Duela urte batzuk denek granate koloreko jantzia nahi izaten zuten, eta orain inork ez du halakorik eskatzen. Modan dagoena edo gehienek eskatzen dena kolore gehiegirik gabeko jantzia da. Izan ere, jendea nekatu egiten da kolorearekin". Gaur egungo kolore nagusiak beltza edota grisa direla esan du hark: "Betirako jantziak nahi dituztenek kolore horietakoak erosten dituzte".

Hala ere, adinaren arabera koloreak aldatzen joaten direla ere aitortu du. Haurren kasuan, adibidez, kolore gehiago erabiltzen direla eta horietako gehienak utzitakoak izaten direla esan du. "Ume txikiek lagunek edo familiako kideek utzitako jantziak erabiltzen dituzte, eta hazten diren heinean erosten dituzte", azaldu du Arzallusek.

Jostetik erostera

Erostea. Hori da, hain zuzen ere, azken urteetako ohitura. Duela urte batzuk jantzi osoa enkarguz josten bazen ere, azken urteetan aurrez egindakoak erosten direla esan dute Osinaldek nahiz Arzallusek. Biak ala biak jostunak izandakoak dira, baina gaur egun baserritar jantzirik ez dutela josten onartu dute. "Enkarguz jositako jantzia eskatzen baldin baduzu, ikaragarrizko trajea izango duzu... Baina horrek denbora eta pazientzia asko eskatzen du, eta duen lanarekin, garestia ere izan daiteke", esan du Osinaldek. Iritzi berekoa da Arzallus ere: "Egungo aukera ikusita, erostea da onena. Pieza bakoitza banaka eros daiteke; ez duzu jantzi osoa erosi beharrik. Gainera, jantzia denborarekin aldatu ere egin dezakezu".

Baserritar jantziari lotuta ez ezik, osagarrietan ere izan dira aldaketak azken urteetan. Orain, tokilla edota buruko zapi gutxiago eskatzen dira, baina, aldi berean, gerruntzeak erabiltzeari ekin diote azkoitiarrek. Horretarako arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina Arzallusen iritziz, "gustuen araberakoa" izaten da osagarrien kontua: "Buruko zapiaren joera galtzen ari da, eta kakorratz lanez egindako sareak ikusten ditut azkenaldian. Zapia janztea baino errazagoa da sarea jartzea". Mutilen kasuan ere, izan dira aldaketak. Hala dio Osinaldek: "Txalekoak hasi dira erabiltzen, eta distira zertxobait ere sartu dute jantzietan. Kolore aldaketak izan dira; mahoizko galtzak eta blusak, arropa beltz eta grisek ordezkatu dituzte, eta jatziak dotoretu egin dira".

Ba al zenekien?


• Buruko zapiak emakumearen egoera zibila islatzen zuen: ezkonduek zuria janzten zuten; alargunek beltza; eta ezkongabeek koloreduna —edota zapirik gabe, ilea jasota—. 
• Baserritarrek lanerako bakarrik erabiltzen zituzten abarkak. Baserritik kalera iristen zirenean erantzi eta abarketak edo zapatak janzten zituzten.
• Baserritarren amantala lanerako arropa zen; gona babesteko balio zuen. Jasota eramaten zuten batzuetan, zikindutako zatia estaltzeko helburuz.