Sanandresak 2022

San Andres egunak borobilduko du jaia Azkoitian

Ane Olaizola 2022ko aza. 29a, 20:00
Plazaren bueltan sortu ohi da jai giroa sanandresetan. (Artxiboa)

San Andres eguneko tradizioari eutsiz, goizetik iluntzera bitartean jan-edanerako postuak jarriko dituzte plazaren inguruan. Ohi bezala, trikitilariak, herri kirol erakustaldia, marrazki lehiaketa eta Kontzejupeko pilota txapelketaren finalak izango dira protagonista Azkoitian.

Festa egun handia izango da bihar Azkoitian, azken bi urteetan halabeharrez egindako etenaren ostean, San Andres eguna ospatuko baitute herritarrek. Baserri giroan murgilduko dira, beraz, beste urte batez Azkoitian, eta goizetik iluntzera bitartean ohiko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute plazan.

Tradizioari eutsiz, txorizo eta talo postuek inguratuko dute goizetik herriko plaza, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren, Azkoitia BHIren, Floreaga ikastetxearen eta Presoen Lagunaken eskutik —aurten, Izarraitz Lanbide Heziketak ez du posturik jarriko—. Ohi bezala, eguerdian herri kirol ikuskizuna izango da leku berean, eta goi mailako aizkolariek zein harri jasotzaileek eskainiko dute erakustaldia: aizkoran, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra arituko dira; harri jasotzen, berriz, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak, Udane Ostolaza oriotarrak, Xabier Aranburu Guzta Azpeitiko bizilagunak eta Karmele Gisasolak parte hartuko dute.

Umeek ere izango dute zer gozaturik goizean, Txuri Urdin elkarteak prest baitu marrazki lehiaketa. Aurten, antolatzaileak 09:00etan hasiko dira materiala banatzen Jausoroko laugarren eraikinean duten elkartean, eta umeek 09:30etik aurrera izango dute herriko txokoak irudikatzeko aukera. 12:00etarako aurkeztu beharko dira lanak Berdura Plazan, eta 14:00etan izango da sari banaketa plazan. Urtero bezala, Etxebeltz erakustokian jarriko dituzte lan guztiak ikusgai.

Oteiza pilota elkarteak antolatuta, bestalde, XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte Kontzejupean, 17:00etan. Guztira, bost final jokatuko dituzte udaletxe azpiko pilotalekuan, benjamin mailatik nagusien mailara arte. Benjaminen eskuz binakako finalean, Oihan Mendizabal eta Aimar Iturralde arituko dira batetik, eta bestetik, Jurgi Subinas eta Aitzol Garate. Alebinen mailako eskuz binakako finala, ostera, Ekain Juaristik eta Jurgen Aizpuruak, eta Aiur Alkortak eta Jurgi Alkortak jokatuko dute. Infantilen mailako finalean, berriz, Oier Juaristik eta Urtzi Segurolak, eta Mikel Alberdik eta Julen Etxanizek jokatuko dute. Kadete mailako finala buruz burukoa izango da, eta Jon Arregi eta Denis Galarza izango dira protagonistak. Jubenilen eta nagusien arteko finala izango da txapelketako azkena, eta han Jon Oteiza eta Imanol Lasa arituko dira alde batean, eta Alex Juaristi eta Inhar Egaña bestean.

Hona hemen San Andres jaien biharko eta igandeko egitaraua:

Azaroak 30, asteazkena

  • Egun osoan zehar, postuak herriko plazako arkupeen bueltan.
  • 10:00etan, Txuri Urdin elkarteak antolatutako marrazki lehiaketa.
  • 10:00etan, herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 12:30ean, herri kirol jaialdia, herriko plazan.
  • 14:00etan, marrazki lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, herriko plazan.
  • 17:00etan, Oteiza pilota elkarteak antolatutako XLVII. Kontzejupeko Pilota Txapelketaren finalak, Kontzejupen.

Abenduak 4, igandea

  • 10:00etan, Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatutako XXVII. San Andres Xake Txapelketa, Elkargunean.