'Kantu Eskukadak II' liburua ondu du Beñat Rodriguezek

Ane Olaizola 2022ko abe. 2a, 14:43
Gaizka Izagirre eta Beñat Rodriguez, gaur, Donostian. (Gaztezulo)

Euskal Herriko ehun musikariren eta talderen kantuak bildu dituzte Olrait Studiok eta Gaztezulok bigarren aldiz, eta azkoitiarrak ilustrazioak egin dizkie abestiei. Oraingo honetan, "letragintzari" eman diote garrantzia.

Euskal Herriko ehun musikari edo talderen kantuak biltzen dituen Kantu Eskukadak II liburua aurkeztu dute gaur, ostirala, Donostian. Proiektuaren bigarren edizioan ere Beñat Rodriguez sortzaile azkoitiarrak parte hartu du, Olrait Studio zigiluaren pean, hark egin baititu liburuan ikusgai diren ilustrazioak.

Duela bi urte kaleratutako aurreneko edizioan bezala, Gaztezulo aldizkariak eta Olrait Studiok elkarlanean ondu dute bigarren liburua ere, eta beste behin, ehun euskal talderen ehun abesti ilustratu dituzte. Gaztezuloko zuzendari Gaizka Izagirrek adierazi duenez, "letragintzari" eman diote garrantzia bilduma berri honetan, eta beraz, irakurleek kantuen hitzak aurkituko ditu lanean. Horrekin batera, bildumako abestien zerrenda entzun ahal izango dute badok.eus atarian, liburuaren hasieran dagoen QRa eskaneatuta. Era berean, Izagirrek adierazi du Gartxot Unsain musikariak idatzitako "hitzaurre berezia" ere baduela liburuak.

Olrait Studioaren "muinetik, garunetik eta bihotzetik" sortutako proiektua da Kantu Eskukadak, eta sortzaileek gogoratu dute "izurri bete-betean" argitaratu zutela aurreneko liburua, kultur ekitaldiak bertan behera geratu zirenean. "Herri bat eraikitzeko kultura funtsezkoa dela azpimarratu nahi izan genuen, baita euskal kultura dirudiena baino askoz aberatsagoa dela ere". Egun, egoera "asko" aldatu bada ere, aurretik zeuden "gabezia askok" jarraitzen dutela azpimarratu dute: "Musikarien prekarietatea, zuzenekoak lortzeko zailtasuna, talde txikien ikusgarritasun ezdeusa, areto txikien zailtasunak eta, bereziki, euskal letragintzari eta lan horren atzean dauden euskal sortzaileei eskaintzen zaien arreta eta errekonozimendu eskasa".

Hori hala izanik, Kantu Eskukadak II liburuaren bitartez, "omenaldi xumea" eskaini nahi izan diete euskal abestien letrak idazten dituzten sortzaile "nekaezinei".

Datorren asteazkenean zabalduko duten Durangoko Azokan jarriko dute liburua salgai, Gaztezuloren postuan zein online.