0-3 urteko haurrak dituzten familiek eskuragarri izango dituzte aurrerantzean Elkarguneko instalazioak

Andoni Elduaien 2022ko abe. 5a, 10:46
0-3 urteko haurrei eta horien gurasoei zein zaintzaileei irekiko dizkiete Elkarguneko instalazioak. (Pixabay)

Goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Elkarguneko Herriko Plaza aretoa eta Abarketatxo Ludoteka erabili ahal izango dituzte 0-3 urteko haurrek eta horien gurasoek nahiz erabiltzaileek. Datorren asteazkenetik hilaren 23ra bitartean eman beharko da horretarako izena, eta probaldia egin ondoren, udalak zerbitzuaren erabiltzaileekin zehaztuko ditu aurrera begirako xehetasunak.

0 eta 3 urte bitarteko umeei eta haien gurasoek zein zaintzaileek Elkarguneko instalazioak erabili ahalko dituzte aurrerantzean. Udalak adierazi duenez, amen talde batek egin du eskaera udaletxean, eta erakundeak zerbitzua martxan jartzea erabaki du. "Helburu bikoitza" izango du zerbitzu berriak, batetik, gune itxi bat izatea, eta bestetik, haurrak nahiz horien gurasoak nahiz zaintzaileak elkarrekin egoteko "topagunea" izatea. Hori horrela, datorren astelehenetik aurrera, abenduak 12, Elkargunea irekiko zaie familia horiei goizetan, hain zuzen, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Ana Azkoitia zinegotziak adierazi du "hainbat ama" joan zirela udaletxera eskaera egitera, goizetan haurrekin egoteko gune bat nahi zutela esanez. "Beraiekin adostu ditugu zerbitzuaren xehetasunak, tokia eta ordutegia. Ikusiko dugu zenbaterainoko interesa sortzen duen, eta zenbatek ematen duten izena, baina uste dut ideia ona dela. Gure helburua da gurasoak kalean ibili beharrean bakoitza bere aldetik eta neguko hotzarekin, toki goxoa eskaintzea. Goizetan ludoteka, esaterako, erabiltzen ez denez, posible ikusi dugu umeentzat ateak zabaltzea".

"Erabiltzailearen erregistroa eramateko", udalak adierazi du beharrezkoa izango dutela zerbitzuaren onuradunek aurrez izena ematea. Horretarako epea etzi, asteazkena, zabalduko du erakundeak, eta hilaren 23an itxiko du. Izena udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan eman beharko da. Familientzako zerbitzua doakoa izango da, baina erabiltzaileei materiala, hango jolasak eta gunea bera "zaintzeko konpromisoa" eskatuko diete.

Hilaren 23ra bitartean proba egingo dutela adierazi du udalak. "Proba egingo da zerbitzuaren funtzionamenduaren nondik-norakoak ikusteko". Erabiltzaileak bi gune izango dituzte eskuragarri Elkargunean: batetik, Abarketatxo Ludoteka, eta bestetik Elkarguneko Herriko Plaza. Dena den, erakundeak azaldu du urtarrilera begira zerbitzuaren xehetasunak erabiltzaileekin zehaztuko dituztela.