Basurdeen enegarren erasoa salatu dute Azkoitiko Larraskanda baserrikoek

Andoni Elduaien 2022ko abe. 6a, 08:00
Basurdeek kalteak eragin dituzte Larraskanda baserriaren inguruan. (Argazkiak: utzitakoak)

Azken urteetan ere salatu izan dituzte Larraskanda baserrikoek basurdeen erasoak. Aurten ere salaketa bera egin dute ENBA sindikatuaren bitartez, etxean dituzten lau zelaiak egunez egun "txikitzen" ari baitira animalia basati horiek.

Madariaga auzoko Larraskanda baserriak lau zelai handi baditu, laurak "guztiz harrotu" dizkiete basurdeek. Beste urte batez, animalia basati horien erasoa jasan dute baserrian, eta dituzten lau zelaiak "guztiz txikitu dizkiete". Baserri horretako bizilagunek salatu dutenez, etxe aurrean duten "zelai handienaren erdia baino gehiago txikitu" dute basurdeek.

Duela aste batzuk nabaritu zituzten lehen txikizioak, eta baserritarrek adierazi dute hasiera batean ez ziotela garrantzirik eman, bai baitakite beraien etxe inguruan basurdeek zer kalte eragin ditzaketen. Aurtengoa ez da basurdeek beraien zelaiei egin dieten lehen erasoa. Azken urteetan, ia urtero txikitu dizkiete lurrak, eta hala salatu zuten iaz ere ENBA (Euskal Nekazarien Batasuna) sindikatuaren bitartez.

Gainera, Larraskanda baserriko zelaien egoerak okerrera egin du egunez egun, eta hala nabarmendu dute bizilagunek. "Joan den astean guztiz errematatu zituzten zelaiak; izan ere, esnatu garen aldiro ikusi dugu zelaia are gehiago txikitu dutela basurdeek. Dagoeneko, ardiak dabiltzan zelai horretan ez dago harrotu gabeko zati bakar bat ere. Ardiak zelai horietan dabiltza, horrek dituen arriskuekin". Hain justu, Larraskanda baserriko lagunak ardien produkziotik bizi dira.

Sindikatuak Maxixatzen.eus-i adierazi dio "kalte asko" eragin dituztela basurdeek inguru horretan. "Basurdeak ez dira mugatzen soilik baserri bakar batera. Inguru hori oso kaltetua da, basurde asko baitago. Kexa asko eta handiak jaso ditugu hango bizilagunen partetik", azaldu du ENBA sindikatuak.